DONOSTIA. DV. Izen mitikoak dira trikitixaren historian Manuel Sodupe Gelatxo (1888-1953) eta Jazinto Rivas Elgeta (1906-1964) soinujoleak, biak ere arrasto sakona utzitakoak. Soinua jotzen entzun gabeak, haatik, haien garaikide izan ezean... Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak abiarazi duen Soinua paperean partitura bildumako aurreneko bi zenbakiek, aspaldiko grabazioak berreskuratu eta CDra eraman ostean, berpiztu egin dituzte alde horretatik aspaldiko maisuak; aurrerantzean, edonork izango du Gelatxo eta Elgeta goraipatuek trikitia nola jotzen zuten entzuteko aukera.
Bildumaren xedea, oro har, «errepertorio zaharra eta jotzeko estilo zaharrak biltzea eta belaunaldi berrien esku jartzea da», ezkutuan zeuden altxorrak ondare bizi bilaka daitezen.
Liburu-diskoak eta jaialdia
Elgoibarko Gelatxo baserrian jaiotako Manuel Sodupe izan zen, XX. mendearen lehen erdialdean, Gipuzkoako soinujolerik sonatuena. Gehienetan panderoarekin Juliana Esnaola emazteak laguntzen ziola, garaiko «izarra» zen eta estimu handitan zeukaten plaza guztietan. Bere kabuz ikasi zuen mutikotan hilara bakarreko soinua jotzen. Gerora, hilara bikora eraman zuen haren teknika, dantzarako zeharo aproposa zen erritmo biziko estilo pertsonala garatuz. Trebezia ez ezik, errepertorioa ere sekulakoa zuen, piezak moldatuz eta sortuz osatua.
Gelatxori eskainitako liburu-diskorako hitzaurrea egin duen Mielanjel Haranaren hitzetan, gainera, haren «dimentsio soziala nabarmendu behar da». Garaiko soinujole famatuena izanagatik, alegia, ez zien uko egin dantza taldeekiko-eta hartu zituen ardurei.
1920ko hamarkadan hainbat disko grabatu zituen Gelatxok Columbia etxeak Donostian zeukan estudioan. Gramofonoetan jotzen ziren bakelitazko diskoak ziren, bina kantakoak. Haietako hamalau entzun daitezke orain, digitalizatuak eta ahal den neurrian «garbituak», liburu-diskoko zati den CDan. Adolfo Jainaga arduratu da liburua osatzen duten partiturak transkribatzeaz eta hitzak, berriz, Jabier Kaltzakortak transkribatu ditu. Jatorrizko grabazioen egoeraren ondorioz, ezinezkoa gertatu zaie kopla guztiak hitzez hitz transkribatzea. Soinuaren kalitatea ere egungo diskoena baino askoz apalagoa da, baina horrek ez du batere murrizten dokumentuaren interesa.
1906an inklusan jaio eta Elgetako Intxuzabal baserrira eraman zuten Jazinto Rivasek ez zuen diskorik grabatu, baina 1960tik 1964 urtera bitartean zenbait pieza grabatu zizkion Pepe Andoain soinujoleak etxean zeukan grabagailu batean. Zahartuta zegoen ordurako Elgeta, baserriz baserri soinua irakasten hasi zen aurreneko trikitilari profesionala, baina eusten zion ezagun egin zuen eta ikasle ugariri transmititu zion maisutasuna. «Maisu handiekin gertatzen den bezala, oraindik ere ikasi egiten dugu entzuten dugun aldiro», idatzi du Elgetaren musikaz hari emanako liburuaren hitzaurrean Iker Goenaga trikitilariak. Bildumako aurreneko bi liburu-diskoekin batera, Jazinto Rivasen mendeurrena ospatzeko hilaren 20an Elgetan egingo den trikitixa jaialdi berezia ere aurkeztu zen atzo Donostian.