ANTZUOLA. DV. Sagasti auzotik kanpoko errrepidera doan bidea margotu eta zabaldu dute egunotan. Zutiko seinaleak ere jarri dituzte, gainera. Beraz, orain bai, erabil daiteke. Deual aste batzuk dena gertu zegoen, baina pintatu eta egokitzea falta zen. Bidegurutze berri horretatik Bergara aldera bakarrik irten ahal izango dira autoak. Zumarraga aldera, ostera, ezingo da hartu. Sartzeko, berriz, Zumarragatik datozenentzat izango da soilik. Bergaratik datozenak, lehen bezala, Beheko Auzoko bidegurutzea edota Antiguoakoa erabili ahal izango dituzte. Zenbaiten ustez, biribilgunea jartzeko aukera polita galdu du Diputazioak. Zupide baserri aurrean dagoen lekuarekin nahikoa toki zutela uste dute. Bi funtzio beteko zituen biribilguneak: herrirako sarrera-irteera hobeak, arrisku txikiagokoak, ezarri eta kanpoko trafikoaren abiadura moteldu herrigune parean.
Bi mozio
Udalak bi mozio onartu zituen eguakitzeko udalbatzarraren bileran. PSE-EEk aurkeztutakoa da bat, Pablo Ibarrek heriotz zigorraren aurrean jarritako errekurtsoaren ingurukoa. Testu honen bitartez, Udalak bat egin du Pablo Ibarren senitartekoekin eta errekurtsoa jartzeko beharrezko diren 250.000 dolarren bilketa bultzatzeko asmoa azaldu du. Pablo Ibarri berari, Floridako Gorte Nagusiari, Floridako fiskal nagusiari eta Floridako gobernadoreari helaraziko zaie mozioa. Horrez gain, heriotz zigorraren aurka dagoela erabat dio Udalak.
Bestalde, Debagoieneko fusilatuen senitartekoen eta lagunen batzordearen proposamenari baiezkoa eman dio, baita, Antzuolako Udalak. Ekainaren 11n omenaldia egingo da Arrasaten eta han ere partaide izango da Antzuola. 197,28 euro jarriko ditu laguntza bezala Udalak.