Komunikazio-lokarriak edo guneak, edo ez dakit nik ongi nola esaten den, Gipuzkoakoak, eta Erkidego osokoak ere esan dezaket, eta baita Akitaniako zati eder batekoak ere, ez daude txukun, gaizki daude eta gainezka egiten dute eta ez dira kabitzen autoak maiatzean loreak belazean kabitzen ez diren bezala. Ni neroni, jaunari eskerrak, gutti ibiltzen naiz errepide sarean, baina tarteka-marteka txangotzen naiz Iparraldeko Donibanera edo haruntzago, eta Leitzalarrera, edota kostaldera, eta Donostiara ere bai, jakina, geure hiriburu maite gipuzkoarronera, larunbat arrats tonto galdu horietakoren batean, emaztearekin, gauzatxoren bat erostera, zapata edo galtza pare bat, libururen bat, izozki leun bat, edo pasio bat ematera beste zereginik gabe, Kontxako abadiatik, edo mediku edo dentista edo dena delako ezinbestekora. Lehengoan izan nintzen, larunbat arratsaldez, autoa hartuta, Donostian. Garaiz genbiltzan, lauak baino lehen-txo, eta hala ere autobidea, ene unoa, lepo zegoen hala karreristaz nola domingeroz, eta hiriburua berriz, nola esango nuke, bere baitan kabitzen ez zela, ohetik oinak kanpora zituela. Parkingak beteta edo completo daudenean nazka ematen du, eta nazkaren sokak iraina edo negargura ekartzen du, beti eta leku orotan. Zergatik joaten gara guztiok, tropelka, kabitzen ez garen leku batera? Horixe galdetu nion emazteari. Hemen loreak mendian daudelako, erantzun zidan hark, atsegin har nezan. Loreak mendian, eta hirian, tonto guztiak. Horixe atera zitzaidan bat-batean, bertsolariturik. Ez zen txarra leloa. Eta leloak, arrats hartan, ehunka ikusi nituen, dozenaka ez esatearren. Ez genuen ezer erosi: prezioak prohibitiboak daude.