ZARAUTZ. DV. Atzo ospatu zen Eskolako Agenda 21aren programaketaren barruan herriko ikasleen proposamenak egiteko urtero antolatzen den Plenoa. 2003. urtean hasi ziren ekimen hau burutzen eta urtero gai ezberdinak jorratzen dituzte. Joan den urtean adibidez, Bioaniztasuna landu zuten eta aurtengo ikasurtean berriz kontsumo arduratsua izan dute aztergai.
Batzar honetarako euren proposamenak ikastexean landuta ekartzen dituzte eta Udaleko ordezkariak arretaz entzuteaz gain betetzen saiatuko direla hitz ematen diete. Aurtengo bilkurak, dena den, berrikuntza nagusia ekarri du, zeren ikasleak beraiek konpromisoak hartu dituzte eta betetzeko lanean arituko direla adierazi.
Udaletxeko batzar aretoan bildu ziren Alkate anderea, Maite Etxaniz, eta ingurugiro zinegotzia, Alejandro Vazquez, udal ordezkari bazala eta beraiekin zinegotzien eserlekuetan eserita ikastetxeetako haurrak euren proposamenekin. Lehenbabizi alkateak joan den urtean ekarritako proposamenei nolako erantzuna eman zaien azaltzen saiatu zen. Bioaniztasuna izan zuten aztergai eta Maitek azaldu zuenez besteak beste, Santa Barbara, Mu- txio eta Vista Alegreko parkeetan paisaia berreskuratzeko azterketa burutu da eta honen bidez, eremu hauen egoera ezagutzen da. Orain ekimen ezberdinak mar-txan jarriko direla azaldu zuen atzokoan.
Aurkezpena
Mª Inmaculada ikastetxeko ikasleen eskutik etorri zen aurkezpena. Ainhoa Martinez eta Iñigo Agirrek jakin arazi zutenez larri ibili arren, Kontsumoa eta Hondakinen gaia landu dituzte. Kanpainaren helburua ingurugiroan sortzen dugun inpaktua murriztea da, hau da, baliabide naturalen kontsumoa eta hondakinen sorrera murriztea. Horretarako dendak ikusi, dendariekin egon, iragarkiak aztertu, kontsumoa kontrolatu eta beste zenbait ekintza burutu dituzte.
Jarraian zuzenean ikastetxe bakoitzeko ordezkariak euren konpromisoak eta proposamenak aurkeztu zituzten. Salbatore Mi-txelena ikastolatik Nora Muñoz eta Izaro Iraolagoitiak kontsumo inguruko proposamenak plazaratu zituzten. Azokari bizitza eman, bidezko merkataritzari lekua egin edo erosketak nor bere poltsarekin egitea proposatu zuten.
Antoniano ikastetxetik Ibai Sarasua eta Aiora Palacin izan genituen bozeramale. Lorategien inguruko proposamen hauek ekarri zituzten: bertako zuhaitzak herriko leku ezberdinetan aldatzea, parkeetan baldosa gutxiago eta eremu berde gehiago jarri, eta abar. Konpromisoak ere hartu zituzten: lorategiak zaindu, errespetatu eta bertan ez jolastea bezalakoak. Inmakuladako Ainhoa eta Iñigok energiaren, hondakinen eta ekipamenduen inguruko proposamen interesgarriak egin ondoren, konpromiso hauek hartu zituzten, besteak beste: ikastetxeko argi eta berogailuak beharrezko direnean bakarrik erabili, komunetako ura eta papera erabiltzean arduratsuagoak izan edo kuadernoetako orrien bi aldeak erabiltzea.
Orokieta ikastetxetik Martxel Iruretagoiena eta Alex Sayalerok hondakinen inguruan proposatu zuten. Baina azpimarragarriak izan ziren konpromisoak: behar dutena bakarrik erosi, etxeko poltsarekin egin, ontzi handietan daudenak aukeratu edo hondakin bereziei irteera egokia eman. Azkenik eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin bukatzeko, La Salletik Jon Aizpurua eta Ainhoa Albizurik paperaren inguruan egin zituzten proposamenak. Udalaren gutunak paper birziklatuan bidaltzea edo etxebizitzetara propaganda helbide elktronikoen bidez helaraztea eskatzen dute.
Ondoren Bigarren Hezkuntzako ikasleen txanda heldu zen. Imanol Domínguez eta Eli Huegun Lizardikoak, Irati Sesma eta Jose Mari Beizama Antonianokoak, Urko Ortega eta Laida Mendizabal Ikastolakoak eta Nagore Martinez eta Danel Larrañaga La Sallekoak egin zituzten proposamenak.
Guztiei erantzun
Guztiei erantzun zieten bai Maite zein Alejandrok eta aurrerantzean proposamen horiek betetzen saiatzeko konpromisoa ere hartu zuten. Interesgarria izan zen bilkura eta udalbatzarraren bidez gazteek nola ikusten duten kontsumo arduratsua ezagutu dugu.
Gaur foroa
Bestalde, adierazi gaur osteguna eta Agenda 21aren barne herritar guztiei zabaldutako foro berri bat antolatu da orain arteko ibilbidea eztabaidatuko duena. Agenda 21 gure herrian 2002an abiatu zen eta orain balantzea egiteko une aproposa izan daiteke. Herritar guztiak gonbidatuta zaudete.