Atzo irakurri dut ia mila eta zazpiehun landaretza eta fauna espezie desagertzear dela Luditik, eta horretxekin batera irakurri dut, baita ere, urtero-urtero ia sei milioi haur hiltzen dela gosez munduan. Bi berri hauek, nahi den oportunismo ukitutxoa kendurik ere, garenaren neurri ezinago gardena ematen dute. Inoiz baino harago iritsi garen honetan, badirudi ez garela uste dugun bezain aske, solidario, ekologista. Formalki bai, formalki gizarte aske batean bizi gara, baina askatasun hori inoiz baino mediatizatuagoa eta kontrolatua dago Boterearen kudeatzaileengandik. Zenbat eskaera, txosten, baimen, betebehar eta debeku bete behar ditugu askeak izaten jarraitzeko? Kafkaren Prozesua-n, Joseph K. atxilotu ondoren, funtzionarioak diotsa: «Atxilotua zaude noski, baina hori ez duzu eragozpen zure lana eta zure betiko bizimodua egin dezazun». Geu ere, Joseph K.-ren antzera, edota Gaztelua-ko K.-ren antzera, kanpoko munduaren esku-sartzeen kontra borrokatzen gara etengabe, babesleku seguru bat aurkitu nahian. Alferrik, ordea. Alienazio maila beretsua bizi dugu K. horiek eta guk. Ez bera, ez berdina, guk ez baititugu totalitarismoaren garaiak bizitu, Kafkaren pertsonaiek aurre-bizitu zituzten legez; ez. Geurea elektronikaren unibertsoa da, zeinak, kontrakoa aldarrikatzen duen arren, pribazitatea debekatzen duen. Kafkaren obrak kontingentziaz dihardu, patuaz. Baina ez barnekoaz, kanpokoaz baizik. Alegia, Adornok esaten zuen gizaki administratuaz. Orain, egun, halakoxeak izaten jarraitzen dugu: gizartea permisiboagoa da, baina baita errepresiboagoa ere, errepresio hori sotilki burutzen bada ere. Kontzientzia kritikoaren falta da gure alienazioaren adibiderik argiena.