ZARAUTZ DV. Herrian lana egiten duten ONG ezberdinak gustora agertu dira Solidaritate Asteak izan duen harrerarekin. Datorren astean elkartuko dira berriro balorazio bat egin eta aurrerantzean egitekoa zehazteko, baina asteak helburuak bete dituela esan genezake.
Honela, asteartetik ostegunera emandako ekitaldietara hirurogei bat pertsona joan dira eta jendearen hitzetan hitzaldiak oso ondo egon dira gehiegi luzatu gabe, nahiko eramankorrak. Ostiralean berriz gaztetxeko jaialdia oso ederra, doinu politekin eta berriekin. Miren Fernandezen abestietako bat egun honetarako egina izan zen (Mirenek doinua ipini eta Xabier Euskitzek hitzak); bertso-samba berriz lehenengo aldia egiten zutela (bezperako entsaio bakarrarekin). Zarautz Txiki abesbatza eta Mollarri oso ondo, haurrak izanik oso polita eta ilusio haundiarekin. Garikoitz Mendizabalen emanaldia zer ezanik ez, zoragarria.
Jaialdiak ordu beteko atzerapena izan zuen arratsaldean argi-kable batekin arazoak izan zirelako eta soinu frogak ondorioz atzeratu. « Barkamena eskatzen dugu gaztetxean izan ziren guztiei eta eskerrak eman izandako pazientziarengaitik».
Gazteak ere joan ziren
Larunbatean berriz giro oso polita, alaia, mugitua, jende asko, solidaritate azokan... «Aipagarria jendearen jakin mina, eta ez jende helduena bakarrik baizik eta gazteena ere: zer egiten genuen, non ari ginen lanean, ze bizitza duten, zer egin dezaketen...», galdetzen omen zuten dio Bakarne Iruretagoienak. Garrantzitsua jende gaztea eta haurrak jakin minez izatea eta parte hartu nahi izatea, azken finean beraiek jarraitu beharko baitute oraingo lana.
Zarauzko ONGak orokorrean jendearen harrera ona eta laguntzeko prestutazuna goraipatzen dute. « Beti hitz onez hartu gaituzte eta gainera eskertuz egin dugun lana. Egia esan erantzun ona espero genuen, baina ez inondik inora halako laguntasun eta solidaritatea».
Zarauzko herrian diharduten ONGek eskerrak ematen dizkiete antolaketan lagundu duten guztiei, batipat dena muntatzen eta muxutruk lan egin duten hainbat pertsona eta taldeei.
Bestalde, astean jasotako diru kopurua gutxigorabehera 2.300 eurotakoa izan da, ekitaldietan jarritako kutxetan. Kontuan sartutako dirua oraindik begiratu gabe dago.