AZPEITIA. DV. Garai bateko urrestildarrak edo gaur egungoak, baina gazteago zirela. Herriaren eta herritarren irudiak, egunerokotasunekoak zein egun berezietakoak, jaietakoak kasu. Ohiturak eta pertsonaiak, irudi zaharretan jasota.
Horrelakoekin bilduma egitea pentsatu dute Urrestilla aldean, eta asmo horren berri eman zuten joan den igandean, bertako An- txieta Elkartearen 40. urteurrena ospatzeko antolaturiko ekitaldian. Hain zuzen ere, datorren ekainean ospatuko diren San Juan jaietarako argazki zaharren erakusketa egitea litzateke ekimen honen lehen helburua. Ondoren, baina hau luzerago jota, liburu bat argitaratzeko asmoa ere badago.
Hori dela-eta, deia luzatu zaie urrestildar guztiei, etxean dituzten argazki zaharrak uzteko, erakusketa hori osatu ahal izateko. Argazkiak eskaneatu eta berehala itzuliko direla ere jakinarazi dute, gehienez ere astebeteko epean. Argazkiak uzteko, Joxe Urbistondorekin jarri daitezke harremanetan.
Aurrerapena
Sanjuandetan ikus ahal izango denaren aurrerapen txiki bat izan zuten joan den igandean Urrestillan. Hamalau argazkirekin osatutako erakusketa txikia jarri zuten plazan eguerdian, Antxieta Elkartearen urteurrenaren ospakizunen barruan. Hauen ondoan beste bi koadro ere bazeuden. Bata, elkarteak bere 40 urteak ospatzeko bazkide guztien argazkiekin eta herriko zenbait ikur esanguratsuren irudiekin osatu duen koadro handia. Eta bestea, iaz Azpeitiko alkateak Brasilgo Sao Paulo hiriaren 450. urteurrenaren ospakizunetara eginiko bidaiaren irudiekin osatua. Jose Antxieta misiolariaren eskutik jaio zen, izan ere, Sao Paulo hiria, eta bere izena darama Urrestillako elkarteak.