Ez da kasualitatea Schommer-ek erakusketarako aukeratu duen izenburua eta Fritz Langen Metropolis filmaren arteko konplizitatea. Hiri beti ezberdin, baina, era berean, beti berdin, greziarren polis kontzeptutik gero eta urrutiago. Kablez, kristalez eta izerdiz eginiko itsas izar zientzia fikzio distirakoa. Nola islatu beste hiri bat eta beti Hiria den metropolis hori? Azalera itsasten zaigun titaniozko garrasi edo laztan. Horrexetan ahalegindu da Schommer argazkilaria, eta ahalegin emaitzak ikusgai daude Koldo Mitxelenako ganbaran.
Bere argazkien bidez zeruari desafio eginez altxatu diren eraikuntzak ikusi ahal ditugu, beteriko espazioaren misteriopean. Espazioaren garrantzia azpimarratuz nolabait, natura eta gu geu espazio garela ahaztuta. Eta denontzat ezaguna den espazio horretan murgiltzen den bisitariak berehala antz emango du gizaki eta kultur ezberdinak fusionatzen dituen hiria. Dela Gaudiren esperoan, dela autobus batekin lehian ari den orgari txikiaren bidez Guztietan dago gurea den zerbait, besteen bidez guganatzen dugun gure pusketa isil hori. Lagun zaharrekin ekialdeko kafe batean konpartitu dezakeguna, Naguib Mahfuz-en Ispiluak obrari omenaldia egiten dion izenburu bereko argazkian bezala. Arrotzak diluitu egiten dira ke artean. Argazkiek momentu eta egoera ezberdinak harrapatzen dituzte. Bizikleta ilarak eta txinatar itzalak, piramideen betierekotasuna hondarrean ainguratua. Gehienetan kontraste ezberdinen bila, argazkien bidez gogoetak iradokiz. Argazki bat, hiriari buruzko gogoeta bat; gogoeta ezberdinetan adarkatzen dena. Oinkadaren arintasun jasanezina, New York egunsentian, kubatar Diskoboloa, Shangai batera eta bestera hazten: etxe-orratzari etxe orratza; eta, atzean, argia; eta argiaren atzean argia... Kanoia lokarri egina duen errebolberra... Hiria, sarri ezberdina, beti aldakorra, baina beti gugan hazten.