Hemezortzi urte baino gutxiago badauzkazue, utzi oraintxe bertan artikulu hau irakurtzeari. Izan ere, gaurko edukia pornografikoa da. Mingarria. Aldiz, 18 urtetik gora badauzkazue, sartu barrura lasai. Sartu, sartu, bai, beldurrik gabe.
Barruan zaudetela, ez larritu. Eseri lasai eta entzun. Bai, pornografia esan dut. Hiztegi entziklopedikoan begiratuz gero honakoa topatuko duzue: «Sexualki kitzikatzeko helburuz, lan artistikoetan agertzen den portaera erotikoaren errepresentazioa; izaera hori duen lana bera». Baina gaurko artikuluan ez duzue dantza ondoko alberdaniarik topatuko. Ez titirik, ez heiagorarik; are gu-txiago postura bihurririk, Kama Sutran agertu arren belarri zaintiratu bat sufritu gabe praktikatzea ezinezkoak diren horietakoak. Atzo gaueko albistegia ikustean, arestian aipatu hitz horixe etorri zitzaidan burura: pornografia. Ez ziren hizketan ari Tunicki edota gorputza barraskiloz inguratzeari performance esaten dion giza talde bati buruz. Ez. Oraindik ere makurragoa zen perbertsioa. Banketxe bati buruz ari ziren; bai, ondo entzun duzue, banketxe bati buruz. Albistearen arabera, banketxe horrek bilioi bateko (edo bi ziren? Edo hiru?) irabaziak izan zituen joan den urteko ekitaldian, 2004an baino %25a gehiago. Batere konplexurik gabe eman zuten albistea. Eskrupulorik gabe. Ez erronborik, ez ezer. Blaust! Porno gogorra gaueko bederatzietan.
Botagura eragin zidan albisteak. Hain zen gordina Hala ere, badakizue nolakoak diren perbertsio hauek. Gaur bertan etxe azpiko paper-dendara jaitsi eta egunkaria azpian The Economist aldizkaria ezkutatu dut isil gordean. Lizunkeriatan blai sentitu dut nire burua.