Miércoles, 26 de abril de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

TOLOSA - GOIERRI
TOLOSA
TAK-eko neskak, gero eta hobeto, Euskadiko Txapelketa irabazi ondoren
Datorren asteburuan Espainiako txapelketa Sestaon jokatuko dute Infantil mutilek Federazio Txapelketa irabazi egin dute
TAK-eko neskak, gero eta hobeto, Euskadiko Txapelketa irabazi ondoren
Tolosaldeko arraunlariak denboraldi bikaina burutzen ari dira. [DV]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

TOLOSA. DV. Tolosaldeko Arraun Klubeko jubenil-senior mailako neskak Euskadiko Txapelketa irabazi dute Sokoan, Donibane Lohizunen (Lapurdi). Iragarri genuen faboritoen artean zeudela eta aukerak bazituztela, eta hara haien erantzuna. Denboraldiak aurrera egin ahala hobera egin dute, eta hauxe azken errematea.

Bizkaiko txapelduna, Portugaleteko San Nikolas, izan zen aurkari gogorrena. Eta oso lehia estua izan zuten TAKek eta biek. Larunbatean, sailkatze estropadan, lehenak izan ziren geureak, baina ikusi zuten bizkaitarrek ez zutela dena eman, sailkatu ahal izateko nahikoa besterik ez zutela egin. Indarrak gordetzen ari ziren, igandeko finalean husteko. TAKekin batera, San Nikolas, Ondarroa eta Lekeitioko Isuntza bizkaitarrak sailkatu ziren; finaletik kanpo Zierbena, Orio, Arkote, Getari, Elan-txobe... geratu ziren.

Igandeko estropada zoragarria izan zen. Hiru ziabogako lana, lau luze, eta aldiro elkarri branka erakutsiz jardun zuten TAKek, San Nikolasek eta Ondarroak.

TAK beti aurretik: lehen ziabogan Ondarroari segundo bakarra, Isuntzari hiru eta San Nikolasi lau; bigarren ziabogan, Ondarroari hiru segundo eta San Nikolasi lau; hirugarren ziabogan San Nikolasi hiru segundo eta Ondarroari bost. Azken luzea falta, eta San Nikolas geroz eta hurbilago. Presioa. Tentsioa. Eta azken txanpa ikusgarria: TAK eta San Nikolas, nor baino nor, parez pare, brankaz branka... eta TAK txapeldun! Segundorik ere ez, 82 ehuneneko aldea besterik ez amaieran! Txapelketa eta bandera etxera! Denboraldiko estropadarik politena ezbairik gabe.

Eta azkena falta: Espainiako txapelketa. Sestaon jokatuko da, datorren asteburuan. TAK eta San Nikolas izango dira euskal ordezkariak. Kantabriarrak eta galiziarrak izango dira aurkari gogorrenak, sekulako maila duten batelak.

TAKeko gazteek, bere aldetik, asteburuan amaitu zuten batel denboraldia. Infantil-kadete mailako neskek laugarren egin zuten finalean; lau batel aurkeztu ziren txapelketara, beraz zuzenean finala jokatu zuten.

Infantil mutilek, berriz, Federazio Txapelketa jokatu zuten atzo eta irabazi egin zuten gainera. Bikain. Bezperan, larunbateko sailkatze estropadan, segundo bakar bategatik geratu ziren finaletik kanpo.

Antzera gertatu zitzaien jubenil mutilei ere. Larunbatean segundo bakar bategatik ez ziren finalean sartu; Oriok eta Koxtapek 14 eta 10 segundo atera zieten -denboraldi honetan TAKekoei atera dieten denbora tarte txikiena-, baina Ondarroa eta Arkote gainditzeko zorian izan ziren, 2 segundo eta segundo bakar bateko galera besterik ez zuten izan haiekiko ondoz ondo. Igandean, beraz, finaletik kanpo Federazio Txapelketako estropada jokatu zuten, eta oso denbora ona eginez irabazi zuten, Sanpedrotarra batelarekin sekulako lehia eduki eta gero: 23 ehuneneko aldearekin amaitu zuten estropada, eta epaileek denborak eman arte ez zuten jakin irabazi zutenik. Gainera, finaleko estropadako laugarren sailkatuak baino denbora hobea egin zuten.

Oso denboraldi ona egin dute jubenilek, eta hortaz jabetuta Oriok eskaintza egin die trainerilla denboraldian haiekin aritzeko. Bi ontzi uretaratu nahi dituzte, bata Orioren izenean eta bestea Getariaren izenean, eta haietan titular izateko gogoz entrenatuko dute Haritz Izagirrek, Iñigo Jauregik, Eneko Martinek eta Jon Ander Agirrek; batelean Jon Gago izan dute patroia, eta Josean Zubiria eta Anbrosio Ibarzabal 'Ruso' izan dituzte prestatzaileak. TAK eta Orioren arteko elkarlana, beraz, bide onetik doa.

Trainerilla denboraldia

Baina ez dira jubenilak bakarrik arituko trainerilletan. Batel denboraldia amaitzeko zorian dela, trainerillena datorren asteburuan jarriko da abian eta han mutilen senior untzia arituko da lehian. Bi jardunaldiak Mutrikun egingo dira.

Ordu asko eman dituzte Orion entrenatzen, berdin errekan nahiz itsasoan, eta heldu zaie maila erakusteko garaia. TAK etorkizunera begira ari da lanean, bai, eta horretarako ezinbesteko erreferentzia da nagusien mailan trainerilla honen parte hartzea.



Vocento
Agencia Guipuzcoana de Infraestructuras Servicio de meteorología Monitor de tráfico