Miércoles, 26 de abril de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

OPINIÓN
Articulos
Zergatik ikasten dugu euskaraz?
Ikusten duzuen eran, aditzaren bidez markatu dudan 'gu' horretan, neu ere sartzen naiz. Ondorioz, erraz igarriko diozue neure burua ere euskaldun berritzat jotzen dudala, neurri batean. Joxerra Garziari zor diot oharpen hori. Duela gutxi, bere garaian adierazi nuenez, hitzaldi interesgarria eman zuen gure euskaltegian. Horixe esanez ekin zion mintzaldiari, alegia, denok garela euskaldun berri arloren batean, zeren arlo jakin horretarako hizkuntza berezitua bereziki ikasi egin behar izan dugu.

Baina zergatik ikasten dugu? Hasteko, niretzat, euskara ikas zitekeela jakitea bera izan zen sekulako aurkikuntza. Hamabi-hamahiru urterekin, kolegioan interno nengoela, gertatu zen hori, euskara ere sartzen baitzen gure ikasketa planean.

Hori aipatzeak badu bere garrantzia; bi arrazoi azpimarratuko nituzke: batetik, garai hartan ez zen ohikoa inongo ikasketa planetan euskara sartzea; bestetik, orduko gurasoen nahia eta gogoa ziren euren seme-alabek erderaz ikastea; neu ere horretara mentalizatuago nengoen bestera baino. Beraz, harriduraz hartu nuen berria. Nik uste dut gure irakasleak, irakasle izateaz gain, pedagogo onak zirela; eta saia-tzen ziren ikasleak motibatzen eta hizkuntzaren balioaz kontzientzia harrarazten. Dena den, kolegio hartako hizkuntza ofiziala erdera zen, eta erderaz mintzatzen ginen kasik beti, nahiz eta euskararen goresmenik ez zen falta izaten.

Horrez gain, gertatu zen beste fenomeno bat ere: erderaz ez genekien giputxak elkartu ginen euskaraz ez zekiten bizkaitarrekin. Euskara, bere naturaltasun guztian, zen gure ekarria; haiek, berriz, politikoki esnarazi gintuzten euskaldun gisa. Pen- tsatzen nago sinbiosi horretatik piztu zela euskararen aldeko nire jarrera. Dena esateko, baziren bizkaitar euskaldun eta aber-tzaleak ere.

Bestalde, niri asko lagundu zidan txiki-txikitatik bertsozale izateak, euskararen ikaskuntzan motibatzeko. Nolanahi ere, 19-20 urterekin (Rikardo Arregiren eraginez segur aski) alfabetatze kanpainan murgildu nintzen. Lehenengo, ikasle gisa eta handik urte batzuetara, irakasle moduan. Ondorioz, irakatsi beharrak motibatzen ninduen ikasteko; baina, aldi berean, plazer handia zen, niretzat, euskara ikastea.

Ikasi behar hori areagotu egin zen, aldizkari eta egunkarietan, gustoz eta plazerez, idazten hasi nintzenean. Zer esanik ez, 1983tik aurrera, euskara-irakasle izatea erabaki nuenetik.

Ibilbide horretan guztian, nik gauza bat izan du garbi: euskararen munduan edo bere orbitan ibili izana plazerarekin uztartu dut, bai idazle bai irakasle moduan eta, berdin, bertsozale gisa. «Euskal Herria egiten» ari naizenik ez dut sentitu zeharka baino. Laburbilduz, esango nuke hiru motibazio motak eragin dezaketela euskararen lan-tzeari dagokionez: plazerezkoak, instrumentalak eta politikoak; ordena horretan, lehenengoa bigarrena baino askoz gorago dela eta bigarrenak hirugarrenari aise irabazten diola.

Ordea, kasu guztietan, motibazioak ordena horretan gertatzen al dira? Ezezkoan nago. Gehienetan, motibazio politikoa beste bien gainetik egon ohi da; eta, aldi berean, motibazio instrumentala plazerezkoaren gainetik.

Nik ez dut esaten motibazio politikoa txarra denik. Baina oso erraza da, bide horretatik, testimonialismoan, demagogian eta inkongruentzian erortzea.

Testimonialismoak forma asko ditu: hasi hitzaldi eta bileretako agurretatik, segi zenbait argitalpenetan, erderazkoaren ondoan, azaltzen diren laburpen eredu txarrekorekin... Erakunde ofizialetako itzulpengintza bera ere, hein handian, ez da pasatzen testimonialismotik edo ur arreaz aurpegia garbitzetik.

Demagogian erortzea ere erraza da. Oposizioaren politika, herri honetan, neurri handian, demagogian oinarritzen da. Badira taldeak, gaia, gradualtasuna eta denbora kontuan hartu gabe, dena euskaraz eta euskaraz bakarrik exijitzen dutenak, edo euskal idazle batek erderaz publikatu duelako «eskandalizatzen» direnak.

Azkenik, nahi adina inkongruentzia daukagu; adibidez, umore pixka batez esanda, inkongruentzia hutsa da urte osoan Benidormen bakarrik euskaraz hitz egitea. Gauza serioagotara jota, inkongruentzia itzela da, era berean, euskarazko telebista erreibindikatu eta erderazkoak izatea aurrekonturik handiena. Baina, agian, demagogia egitea litzateke ETB2 ez lukeela existitu beharko esatea.

Esan dugu motibazio instrumentala dela bigarrena. Zeri deitzen diogu motibazio instrumentala? Erakunde publikoan lana egin ahal izateko euskara ikasteari. Beste hitz batzuetan esanda, Hizkuntz Eskakizuna (HE) ateratzeko prestatzeari; adibidez, udaletxean lan egiteko, Osakidetzan aritzeko edo hezkuntza publikoko irakasle izateko dagokion HE ateratzeari.

Arlo horretan, problema askorekin egiten dugu topo. Sarritan, bada jendea gogoz kontra ikasten ari dena; eta horrek, lehenaz gain, neketsu bihurtzen du ikaste prozesua. Gainera, ikasitakoan ere, behar-beharrean izan ezean, ez dute erabiltzen. Behar duten HE ateraz gero «hor konpon euskara eta otxokoartoak». Bai, erresistentzia gogorrei aurre egin behar izaten diegu.

Bestetik, buruan azterketa besterik ez dutenek presio handia sartzen dute euskaltegian, uste oker baten jabe direlako; hau da, uste dute azteketak eginez ikasiko dutela euskaraz, eta hori ez da egia; alderantziz baizik: euskaraz ikasiz gero, gai izango dira edozein azterketa mota gainditzeko.

Dena esate aldera, esan dezadan gutxi direla plazer hutsarengatik euskaraz ikasten dutenak. Eta, jakina, hori litzateke benetako motibazioa.

Orain arte esandako guztiaren harira, hiru gauza dauzkagu egin beharra: erabilpena bultzatu, euskaraz ikastea plazer bide bihurtzen ahalegindu, dituen onurak garbi azaldurik; eta, hirugarren, hizkuntza ohiturak aldarazteko metodoak eta programak landu.



Vocento
Agencia Guipuzcoana de Infraestructuras Servicio de meteorología Monitor de tráfico