ARRASATE. DV. Euskarazko irakurzaletasuna bultzatu asmoz, Udal Liburutegiak hamar idazle euskaldunen gomendioak jasotzen dituen liburu-gida bat kaleratu berri du.
Idazleak irakurle izenburua du gida horrek, eta bertan idazle bakoitzak gustoko dituen hamar liburu aukeratzen ditu, eta irakurgai bezala gomendatu.
Iban Zaldua idazle donostiarraren laguntzarekin jarri du abian ekimen Arrasateko Udal Liburutegiak. Gida honetan ageri diren hamar idazle euskaldunak hauek dira: Ur Apalategi (Paris, 1972), Ana Arregi (Gasteiz, 1972), Rikardo Arregi Diaz de Heredia (Gasteiz, 1958), Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975), Aingeru Epaltza (Iruñea, 1960), Igor Estankona (Artea, 1977), Estibaliz Ezkerra (Bilbo, 1979), Arantxa Iturbe (Alegi, 1964), Anjel Lertxundi (Orio, 1948) eta Eider Rodríguez (Orereta, 1977).
Idazle bakoitzak hamarna liburu gomendatzen ditu «Idazleak irakurle» gidan, guztira ehun liburuz osatutako zerrenda betez. Baina gogoko dituzten hamar liburu horietako bat besteen gainetik goraipatzen dute, kometario labur batean liburu horren gainean iritzi pertsonala idatziz.
Hamar liburu hautatu horien artean euskal eta nazioarteko literaturako eleberriak aurki ditzakegu. Besteak beste, eta adibide bezala, Anjel Lertxundi orioarrak Herman Melville-ren «Bartebly izkribatzailea» aipatzen du gogokoen bezala, eta aldiz Aingeru Epaltza naparrak Koldo Izagirre-ren «Itsaso ahantzia». Azken hau ez dago egun Udal Liburutegiko 6.904 euskarazko fondoen artean (gaztelerazkoak 19.424 ale dira, gehi beste 1.435 beste jatorrizko hizkuntzan, guztira 27.781). Are gehiago, Izagirre-ren obra agortuta dagoela esan dute Liburutegitik.
Bertako langile den Asun Agirianok azaldu bezala, «irakurle heldu askok ez daki orientatzen euskal literaturaren inguruan». Ezjakintasun horren ondorioz, irakurle arruntak euskal idazle sarituak, edo Durangoko azokako aipatuenak bakarrik ezagutzen ditu». Irakurle euskaldunari orientatzen laguntzako kaleratu du gida hau Udal Liburutegiak.