- Lanik handienak bakarrik egin bazituen ere, hiztegirako hitzak nola hautatu eta eman erabakitzeko orduan bere kabuz ibili zen, edo izan zuen norbaiten laguntza?
- Nahiko fitxa bazuela pentsatu zuenean, eta bazituen 300.000 baino gehiago, hiztegia eskuz idazten hasi zen, 12.000 foliora iritsi arte. Berak esaten du hiru pasada eman zizkiola: aurrenekoan hiztegiaren gorputza finkatu zuen; bigarren bueltan hitzen batzuk erantsi zizkion eta hirugarrenerako, berriz, izugarri kezkatzen zuen neologismoen kontua utzi zuen. Hor kezka sortu zitzaion eta kontsultak egin zituen, bestela bakarka aritu zen. Euskaltzaindiari iritzia eskatu zion, eta jaso zuen; irizpideak finkatzeko orduan, alegia, besteen iritziak jaso zituen, nahiz eta azkenean berea nagusitu. Nahiko garbizalea zen, eta hitz berriak sortzeko joera ere bazuen.
- Bere kabuz ibiltzea nahiago, beraz...
- Halaxe ibili zen, laguntzailerik gabe; eman ez ziotelako edo nahi ez zuelako. Hiztegia argitaratzeko pare bat urte-edo falta zirenean libratu zuten lan horretarako, baina kontuan izan behar da gainerako lan guztiak, bakarrik ez ezik, tarte libreetan egin zituela: asteburuetan, siesta garaian, gauetan... Hil zenean, denboraren erabilera biltzen zuen paper bat aurkitu zuten bere gelan. Tarte libre guztietan «diccionario» zeukan idatzita. Egunen batzuetan hamabi ordu ere eskaintzen zizkion... Nik uste dut hiztegia bokazio edo misio moduan hartu zuela erabat. Erlijioarekin batera, hiztegiak bete zuen, nire ustez, haren bizitza; hiztegia izan zen bere bizitzako egiteko nagusia. Garai batean izan zuen nekealdiren bat, lan benetan neketsu eta astuna hartu baitzuen bere gain, baina zaletasunetik harago zegoen hiztegia, bere herriari eman behar zion zerbait zela sentitzen zuen.
- Nolakoa zen, bestela, Plazido Muxika?
- Egia esan, hiztegiari emanda zegoen bitartean ez genuen askorik ikusten. Gero libratu zen zertxobait, eta gehiagotan etortzen zen etxera, eta gu ere gehiagotan joaten gintzaizkion bisitan. Lagunarteko hizketaldian gustura egoten zen, gustatzen zitzaion kontuak kontatzea. Gizon xaloa zen, atsegina, gogoko zuen jende artean egotea. Jendaurrean hitz egitea, ordea, ez zuen batere atsegin. Veruelan zela inguruko herri batera bidali zuten igandero zazpi urtez meza ematera, sermoiak ematen trebatzeko, baina horrekin ezin omen zuen...