Miércoles, 12 de abril de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

EDICIÓN IMPRESA
KARMEN IRIZAR TOPAGUNEKO LEHENDAKARIA
Karmen Irizar, Topaguneko lehendakaria: «Euskara erabiltzeko hurbileko plaza eskaintzen dute euskara elkarteek»
Hamargarren urterako bidean, «osasuntsu baina baliabidetan urri» dabiltza Topaguneak biltzen dituen euskara elkarteak, lehendakari berriaren ustez
Karmen Irizar, Topaguneko lehendakaria: «Euskara erabiltzeko hurbileko plaza eskaintzen dute euskara elkarteek»
Azkoitiko Maxixatzen elkarteko kide da Karmen Irizar. [MORQUECHO]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

DONOSTIA. DV. Euskal Herri osoko euskara elkarteak biltzen dituen Topagunea federazioak Azkoitiko Maxixatzen elkarteko kide Karmen Irizar hautatu du lehendakari, oraindik orain Abadiñon egindako Batzar Nagusian. Batzar berean sei elkarte berri hartu zituen bere baitan Topaguneak: Ultzamaldeako (Nafarroa) Ametza; Zuiako (Araba) Bidebarri; Bilboko Lizardi Mintza; Zornotzako (Bizkaia) Nañon Euskaraz; Iruñeko Zaldiko Maldiko eta Urretxu-Zumarragako Zintzo-Mintzo. Heldu berriak kontuan harturik, 84 euskara elkarte biltzen ditu Topagunean.



- Euskalgintzan diharduten erakunde eta elkarteen artean, zein esparru betetzen dute gaur egun euskara elkarteek?

- Batetik, erabileraren esparruan kokatuko nituzte euskara elkarteak eta, bestetik, hurbiltasunarenean. Eremu askeko esparruetan - zein hizkuntza erabili norberak erabakitzen duenetan- eus- kara sustatzea da gure eginkizuna, eta jendeak eguneroko bizitza euskaraz garatu ahal izateko hurbileko zerbait behar du. Esango nuke, beraz, hurbiltasunaren esparrutik euskara erabiltzeko plaza eskaintzen dutela euskara elkarteek.

- Euskararen aldeko jarrerak abiazari zituen euskara elkarteak, militantziak. Aurreko mailan eusten zaio militantziari edo geroz eta garrantzi handiagoa dute profesionalek?

- Euskara elkarte bat sortzen denean, militantziak bultzatzen du abian jartzen duen taldea, baditu irizpide batzuk, hizkuntzaren inguruko ideologia... Militantzia, ordea, epe baterako da eraginkorra, eta hortik bizi diren langileak ere behar dira proiektuak aurrera atera ahal izateko. Erakundetze hori garrantzitsua da funtzionamendurako, baina ezinbestekoa da lan-ildoei buruzko ikuspegia markatuko duen kanpoko jendea. Bien arteko oreka behar da, ezin da dena langileen esku utzi. Kezkaz bizi dugu aspaldi elkarteei nola transmititu bi jende mota horien beharra.

- Hurbiltzen al dira elkarteetara kide berriak? Gazteak, esaterako...

- Oso zaila da, baina ez dut uste euskararen arazoa denik soilik; beste elkarte batzuk ere berdintsu dabiltza. Egiten dira saioak, baina zaila da gazteak erakartzea. Egoera desberdina da herrien arabera, baina hori izan daiteke hurrengo urteetan abian jartzeko lan-ildo bat: nola lortu etenik ez sortzea belaunaldi zaharren eta datozen belaunaldien artean.

- Zenbait gazteri, agian, dena eginda dagoela irudituko zaio...

- Bai, horixe da. Euskararen ikuspegitik oso desberdina da belaunaldi zaharrek bizi izan zuten egoera eta gaurkoek bizi dutena. Gazte askok uste dute euskara ikasita nahikoa dutela. Nahi ez dutelako ez dute erabiltzen euskara, eta horrek bertigoa ematen du. Zaila dugu, gainera, hor eragitea ez garelako gai izan zenbait gazteren artean zabaltzen ari den jarrera hori igartzeko. Hala ere, iaz hamairu elkarteren artean bazkidetza-kanpaina egin genuen eta emaitzak oso-oso onak izan ziren, bazkide berri asko lortu zituzten, eta horrek esan nahi du akaso salto bat egin behar dugula eta Euskal Herri mailako kanpaina antolatu, baina gauzak, egitekotan, ondo egin behar dira, gaizki egiten direnean oso zaila baita atzera egitea. Lantzen ari garen proiektua da. Bazkide sarea handitzea garrantzitsua da, diru-sarrerak eta behar denean lanerako laguntza ez ezik sinesgarritasuna ere bazkideek ematen digutelako elkarteei.

- Arazoak arazo, osasuntsu al dabiltza euskara elkarteak? Zein proiektu duzue hurrengo urteotatarako?

- Ideia eta lan-ildo aldetik, gogotsu gabiltza, osasun onean, batez ere elkarrekin ari garenetik. Topagunean federatutako elkarteek independentziari eusten diote erabat, baina oso onuragarria da elkarrekin jardutea, ikusteko benetan zein den errealitatea beste herri batzuetan, etsita zaudenean nork animatu edukitzeko... Oro har, elkarteak oso zentratuta daude, baina baliabide aldetik oso justuan gabiltza. Proiektuen arabera lortzen ditugu diru laguntzak, eta iruditzen zaigu, oro har, falta zaigula erakundeek Euskal Herri mailako proiektua izateak ematen digun balio erantsi hori onartzea. Lan-ildoei dagokienez, multimedia egitasmoak bultzatuko ditugu eta, zaila dirudien alde, tokiko telebisten erronkari egingo diogu aurre. Horrez gain, mintzalagunaren figura sustatzen jarraituko dugu, Mintzalagun Eguna antolatuz, besteak beste.



Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam