DONOSTIA. DV. Nafarroako Gobernuak lizentziarik gabe utzi du berriz ere Euskalerria Irratia. Leihaketa Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aginduz errepikatu da, eta atzo zabaldu zen kontratazio mahaiaren erabakia. Azterketa berriaren arabera, Nafarroako Unibertsitateko irratiak 83,34 puntu lortu ditu lehiaketan; duela hilabete batzuk ezintasun ekonomikoagatik itxitako Net21ek 75,79, eta Euskalerria Irratiak 63,31. Hala adierazi zuen atzo Francisco Iribarren Ekonomia sailburuak.
1998an egindako lizentzia banaketa bertan behera utzi zuen Auzitegi Nagusiak, kontratazio mahaiko buru Angel Sanz Bareak bidegabe jokatu zuela iritzita. Alegia, Sanzek balorazio pertsonala egin zuelako utzi zuen erabakia bertan behera epaitegiak.
Berriro egin du lizentziak banatzeko azterketa kontratazio mahaiak, oraingoan ere Sanz Barea buru zela, eta berriz ere lizentziarik gabe utzi dute Iruñerriko irrati hau, alderdi horretan euskaraz aritzen den bakarra.
Net21 irratiak otsailean utzi egin zion emititzeari, arazo ekonomikoek behartuta. Atzo Iribarren kontseilariari hori gogorarazi ziotenean esan zuen aztertu egin behar dela Net21en egoera zein den, eta horren arabera, lizentzia berriro atera daitekeela leihaketara.
Orain dela aste batzuk, Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendaria, kezkatuta agertu zen, irratiaren aldeko musika- -festa aurkeztean: «Prozesua ez doa bide onetik. Ezkutuan hasi dute, gezurretan; berriro ere 98an tranpa egin zuena jarri dute kontratazio mahaian; Gobernuarentzat lan egin ohi duen enpresa bati agindu diote txostena... Inpartzialtasuna ez dago inondik ere garantizatuta, eta horregatik egon behar dugu oso erne».
Euskalerria Irratiak gaur adieraziko du aurrerantzean zein jokabide hartuko duen.