Aurreko ostiralean, Xabier gazteluan Frantzisko jaio zela 500 urte bete ziren egunean, egundoko festa egin zen Zangoza alde hartan. Eta hara bildu ziren Espainiako Errege-erreginak, Madrilgo Rouco kardinala, Iruñeko F. Sebastian gotzaina eta nafar agintari Gaztela zaleak, hala nola Migel Sanz, Alberto Catalán eta konpainia. Berba potolo arranditsuak erabili zituzten Xabierkoaren laudoriotan, beren ustezko betiko Nafarroaren izenean. Hots handiz esan zuten, Xabierko Fran- tziskok urrutiko lurretan grinaz egin zuen bezala, behar-beharrezkoa dela herri txikien garapenaren alde su eta gar ahalegintzea; eta hitz eman ere, hala hitz eman zuten, saiatuko zirela horretan.
Aseak eta gogaituak gauzkate ele ederrez. Frantzisko Xabierkoaren nafar-euskalduntasuna (eta haren etxekoen Nafarroa libre euskaldunaren aldeko borroka) ez dute ikusi nahi. Ukoan daude temoso. Ez dute ikusi ere egin nahi Nafarroan euskal zainik. Ez diete barkatzen nafarrei euskaldun jaio izana. Eta, seta gaiztoan, euskaldunoi zainak ebaki nahi dizkigute. Geureari iso eta arrotzari arre. Nafarra, euskalduna bada, ez da parte onekoa.
Hau guztiau ez da, gero, nik nire beroan asmatua. Ez. Hurrengo egunean, larunbatean, 111 nafarrek sinatutako gutun haserrea zetorren pren-tsan; esanez, Pirinioko autobide berrian (eta Zaraitzun eta Erronkarin eta bazter anitzetan) euskal izenak arruntean ari omen direla kentzen bide-seinaleetatik, eta izen arrotz berriak ezartzen. Euskararen kontra garbi, lotsa izpirik gabe. Nafar gazteleratuek, Sanz kapitain hartuta, euskal izen guzien eza lortuko arteko onik ez dute. Gure Xabierko San Frantziskok madarika ditzala.