ZARAUTZ. DV. Apirilaren 18 eta 21 bitartean, Zarautz Kirol Elkarteko saskibaloi atalak Eibarrera joateko asmoa dauka aurten ere. Bestetan egin izan den bezala, Pazko Astea aprobetxatuz, saskibaloiko kanpus bat egingo da infantil (1992 eta 1993an jaiotakoak) eta alebin (1994an jaiotakoak) neska-mutilekin, guztiak 10 begirale eta entrenatzaileez lagunduta.
Aurtengo kanpusak saskibaloiko entrenamenduz beteko egonaldia izango du, baina baita ere opari eder bat, euskal saskibaloi derbya Tau Cerámica Baskonia eta Lagun Aro Bilbao Basket-en artean (apirilaren 19an) ikusteko aukera. Irteera goizeko 8:00etan izango da, apirilaren 18an, eta Zarautza itzulera, berriz, apirilaren 21ean, 20:00ak inguru, biak ere Karmelitetatik.
Eibarko Unibertsitate laboralean burutuko da kanpusa, bertako kiroldegi estalietan entrenatu, erresidentzian lo egin eta jangelan jango dutelarik haurrek. Lekuko kontaktu telefonoa 943208444 da.
Bruesa ikustera
ACB ligara igotzeko play-off-etara sailkatzeko txartela lortu nahian, bihar asteazkena, 20:30etan, Bruesa Gipuzkoa Basket taldeak beste partida berri bat jokatuko du Josean Gaska kiroldegian. Helburu hori betetzeko, talde donostiarrak guztion laguntza beharko du eta Zarauztik bi autobus antolatuko dira bertara joateko. Autobusa eta sarrera dohain izango dira izena ematen duten lehen 100 pertsonentzat. Horretarako, www.inurris.com -en sartu edo 620.155216 telefonora deitu beharko da.
Bruesak Polaris Murcia-ren aurka jokatuko du, ACB ligatik jaitsi berri den taldea hain zuzen ere.
Saskibaloi Eskola
Aste Santuko oporretan ere, Gabonetan egin zen bezala, Saskibaloi Eskola martxan jarriko du Kirol Elkarteko atalak. Eskola hau irekia da eta infantil eta alebinei zuzendua dago. Entrenamendu egunak eta orduak ondorengoak izango dira: 10:00-11:30 alebin mutilak (1995ean jaiotakoak); 11:30-13:00 alebin neskak, (1995ean jaiotakoak); 16:30-18:00etara, alebin mutilak, (1994an jaiotakoak); 18:00-19:30 alebin neskak (1994an jaiotakoak).
Bestalde, bihar 10tan hasita 3x3 bat jokatuko da Antonianotan alebinentzat.