DONOSTIA. DV. Ereduzko prosa gaur datu-baseak beste bultzada bat jaso zuen atzo. Batetik, bazkide berri bat gehitu zaio egitasmoari, Gipuzkoako Foru Aldundia; bestetik, datu-base huts izatetik harago joateko borondatea agertu dute arduradunek, eta sei bat urte barru hiztegiaren egitura eman nahi diote corpus erraldoi honi.
1998an abiatutako datu-basea da Ereduzko prosa gaur. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen Zerbitzua arduratzen da datuen bilketaz, eta horretarako Donostiako Euskararen Udal Patronatua du laguntzaile. Atzo beste bi urterako lankidetza-hi-tzarmena sinatu zuten bi aldeok, baina hirugarren kide batekin batera: Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Saila.
1998. urteaz geroztik argitaratutako liburu, aldizkari eta egunkarietatik erauzitako corpusa da Ereduzko prosa gaur-ek eskain-tzen duena. Internet bidez, edonork egin ditzake kontsultak; hitz bati buruz galdera eginez, ordenagailuan agertuko da zein hedabide eta liburutan erabili izan den delako hitz hori, esaldia edo adibidea osorik emanda.
EHUko irakasle eta Euskal-tzaindiko kide Ibon Sarasola jardun izan da zuzendari moduan orain arte. Aurrerantzean hiru lagun hauen artean burutuko dira lanak: Pello Salaburu, Iñaki Ugarteburu eta Ibon Sarasola.
Atzoko aurkezpenean, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua eta EHUren Ereduzko prosa gaur datu-basea konparatu zituen Salaburuk: «Hiztegi Batua hiztegi historiko bat da. Beste datu-base honek, berriz, gaur-gaurko idazle onenek erabiltzen duten euskara eraskusten digu. Kontua da: Hiztegi Batuan dagoena, hori da gaur egun idazle batek erabiltzen duen euskara? Hori aztertu nahi dugu. Eta, hilero, informazioa jarri nahi genuke gure web-gunean».
Datu-basea hiztegi informatiko bihurtze hori ez da epe motzeko helburua. Urte batzuk beharko dira, sei bat, atzokoan Ibon Sarasolak esan zuenez.
Etorkizuneko hiztegi horretan, hitz bakoitzaren erabilera argituko duten adibideak eskaintzeaz gain, esplikatuko da idazleek asko ala gutxi erabiltzen duten hitz hori.
Atzoko aurkezpenean, Ludger Mees Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordea honela mintzatu zen: «Sinatze-ekitaldi honek erakusten du, tirabira politiko guztien gainetik, elkarlana posible dela euskararen normalizazioa tartean denean. Arrakasta handia izan du egitasmoak: corpusa 20 milioi hitzekoa da eta bisitari asko izan ditu sarean. Behingoz, lortu dugu EHUren lan bat gizarteratzea».