DONOSTIA. DV. Denboraldia zatika banatzen dute taldeek. Itzuliei dagokienez, Paris-Niza eta Tirreno-Adriatiko izaten dira lehenak. Txirrindulari gutxi heltzen dira sasoiko haietara. Ondoren dator Euskal Herrikoa, eta Frantzian zein Italian ondo ibili direnen ondoan berriak azalduko dira, gazteak batzuk, helduak eta oso ezagunak besteak. Geroz eta gehiago, geroz eta indartsuago. Entrenamenduen emaitza ikusi eta indarrak neurtzeko ordua heldu da.
Apirilean Holandako eta Valoniako klasikoetan punta-puntan agertuko direnek ezin dute gehiago itxoin. Euren burua erakusteko ordua da. Iazko Danilo di Luca da adibiderik garbiena. Euskal Herriko Itzulia ondo irabazi eta gero, Amstel Gold Racen eta Fleche Wallonen sekulako erakustaldiak emanez nagusitu zen. Maiatzean, berriz, bikain aritu zen Giroan, sasoi onari bi hilabetean euts dakiokeela baieztatuz.
Rebellin bera euskal errepideetan agertzen da buruan lehenengo aldiz, urtero-urtero. Handik aurrera protagonista izaten da joaten den leku guztietan. Proba gutxitan baina onetan hartzen du parte.
Izen handiak falta dira, beharbada, gaur Irunen, baina ez karrerista handiak. Armstrong joan da eta gizon berriak agertuko dira laster, indartsu gainera. Gutxien uste den tokian aterako dute burua. Euskal Herriko Itzulia leku aproposa da horretarako. Munduko talde onenak bilduko dira hemen.