 Plazido Muxika hogei urtez aritu zen hiztegia osatzen. [URNIETAKO UDALA] |
|
Imprimir Enviar |
|
LIBURUA
EGITARAUA |
Gaurtik hilaren 12ra: Urnietako Lekaio Kultur Etxean, Plazido Muxikaren inguruan prestatutako erakusketa. Astegunetan, 17:00etatik 20:00etara eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara egongo da zabalik.
Apirilak 16, igandea: Plazido Muxikaren omenezko Meza Nagusia, 11:00etan, San Migel parrokian. Mezaren ostean, kalejira Plaziko Muxika plazarantz. Bertan, Oriako Sorgin Dantza eskainiko dute Erketz eta Aurrera Gure Ametsa dantza taldeek. 12:00etan, Plazido Muxikaren omenez egindako bustoaren inaugurazio ekitaldia.
Apirilak 27, osteguna: Euskaltzaindiak Urnietan egingo du bere hileroko batzarra, Plazido Muxikaren mendeurrena ospatzeko. 18:30ean, Lekaiko Kultur Etxean, Euskaltzaindiak Plaziko Muxikaren inguruan antolaturiko hitzaldia. Joxe Antonio Muxika eta Ibon Sarasola euskaltzaina izango dira hizlari.
'Noni eta Mani': Eleberria. Alemanetik itzulia. Egilea: J.S. Svenson. Jatorrizko izenburua: Nonni und Manni.
'Mendiko argia': Eleberria. Alemanetik itzulia. Egilea: Franz Weiser S.I. Jatorrizko izenburua: Das Licht der Berge. |
|
|
|

|
DONOSTIA. DV. Plazido Muxika (Urnieta, 1906-Azpeitia, 1982) hiztegigile, itzultzaile eta idazle urnietarra izango du gogoan bere jaioterriak haren jaiotzaren mendeurrenean. Omenezko ekitaldiak bihar bertan hasiko dira, Lekaio Kultur Etxean Muxikaren bizitzaren eta lanaren berri emango duen erakusketa irekiko baita. Aste Santua dela eta, hilaren 12an itxiko da erakusketa. Omenaldia hilaren 16ko eta 27ko ekitaldi bereziek biribilduko dute.
Omenezko ekitaldi horien baitan kokatu behar da, halaber, Muxikak itzuli zituen Noni eta Mani eta Mendiko argia eleberrien berrargitalpena. Egan-ek Urnietako Udalaren laguntzaz argitaratu duen edizio berezi honek aparteko interesa du, horren prestatzaile Jose Antonio Mujikak egin dion hitzaurreak behar bezala kokatzen baititu biak -hiztegien aldean, «lan txikiagoak»- Muxikaren obran. Jatorriz 1914 urtean argitaratua, Noni eta Mani 1952an plazaratu zuen estreinakoz euskaraz Icharopena argitaletxeak, eta oraingo hau laugarren edizioa du. Mendiko argia, berriz, 1931ean eman zen argitara jatorrizko bertsioan, eta 1968an ekarri zuen euskarara, Muxikaren eskutik, Mensajero argitaletxeak. Hirugarren edizioa da oraigo hau.
Batez ere, hiztegigile
Argitalpenei dagokienez Muxikaren mendeurrenaren ekarpena liburu bakarrean bildutako bi eleberri horien itzulpenetan gauzatu bada ere, 1906ko apirilaren 16an Urnietako Oria auzoko -Lasarte-Oriako zati da gaur egun auzoa- Baratzalde etxean jaio zen Plazido Muxikaren lanik ezagunena Diccionario Castellano-Vasco entzutetsua da.
1929an gertatutako pasarte guztuz deigarri batek bultzatu zuen Muxika azkenean hogei urteko lan bilakatuko zenari ekitera. Kolonbian misiolari zebilela, Argia egunkariaren orrialde batzuk aurkitu omen zituen eta, hunkiturik, euskarari horren beharrezkoa zuen hiztegia ematea erabaki zuen. Jesusen Lagundiak, ordea, beste betekizun batzuk zeuzkan Muxikarentzat, eta 40ko hamarkadaren erdialdera arte ezin izan zuen hiztegiaren lehengai izango ziren fitxak osatzen hasi. Hamarkada hartan latinezko eta grekozko hiztegiak prestatzen ibili zen, askoren arteko lanean. 1965ean ikusi zuen azkenean argia euskaltzale guztien artean berehala zabaldu zen hiztegi mardulak. Berrogei urteren buruan, interes izpirik ez dute galdu hiztegiaren 1.875 orrialdeek.