Bost albondiga jan nituen atzo. Eta bost izateak badu bere garrantzia ze mahaiaren bueltan bost lagun geunden berriketan. Batek Aste Santuko planak kontatu zizkigun. Estatu Batuetara joateko asmoa du eta lortu duen hegaldiak 22 orduko iraupena izango omen du. Hantxe ibili ginen, hegazkinen, ordu aldaketen eta bidaien harira bakoitzak zeukan iritzia ematen.
Bigarren albondiga txikitu nuenerako beste mahaikide bat hasia zen kontatzen duela 10 urte ezagututako irlandar bat bigarren aldiz ikusi dutela. Orduan 21 urteko ia bizarrik gabeko gaztea zen. Orain gizonduta ikusi du eta Ameriketako unibertsitate sonatu batean irakasle da. Uda batean ezagututako per-tsona bat, bat batean, bizitzan pilatzen dituzun adiskideen zerrendan nola sartzen den ohartzea zeinen gauza aberatsa den aipatu genuen.
Hirugarren zatia ahora eraman nuen mahaiaren beste aldean zegoenak asteburuan loreak erosteko asmoa duela esan zuenean. Auzoko batekin joango omen da, berak asko daki-eta landareez, haziez, lurraz eta naturaz. Laugarren albondiga murtxikatzen ari nintzenean bota zuen batek baduela gogoa sirope dieta egiteko. Egun batzutan sirope-ura soilik hartuko omen du. Beste jakirik gabe. Gorputza garbitu nahi du eta, bide batez, baita burua ere. Arima desintoxikatu nahi du. Bosgarren albondiga janda, ogiaz saltsa bustitzen ari nintzela doministiku egin zuen nire parekoak. Alergikoa omen da. Aurtengo udaberrian polen maila ikaragarri altua egongo omen da. Bai, nire autoko leihoetan pirikorna horiez osatutako kortinak daude. Udaberria iritsi da. Eta udaberriarekin etorri dira bizitzaz gozatzeko gogoa; une bakanez disfruta-tzeko nahia; lagun artean tontakeriekin barre egiteko.