URNIETA. DV. Sagardoaren Kultura Sustatzeko elkarteak (SKSE), Urnietako Udalaren laguntzarekin antolaturiko Sagarrondotik jaialdiaren barruan, igande eguerdian hainbat ekitaldi kultural ospatu ziren Urnietan. Sagardoaren eremu osatzen dute Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Urnietak bereiziki eta lauak buru belarri ditugu SKSErekin batera sagardoa bultzatzeko lanean. Honen lekuko da Sagarrondotik jaialdia, aurten laugarren ediziora iritsi dena.
Igandean eguraldia alde izan zenez, jende asko animatu zen Urnietan antolaturiko ekitaldietan parte hartzera. San Juan plazan artisauen azoka, jaki desberdinak salgai zituzten hainbat postu (taloak, gaztak, ogiak...) eta herriko sagardotegietako sagardoa edateko postuak zeuden. Gauerdian Santa Leokadia ermitaren aurreko aldean erretzen jarri zen zekorra eguerdi partean hasi ziren saltzen. Plazan zegoen jendeak ordubeteko behar izan zuen 200 kiloko zekorra jateko. Herriko dultzaineroak ere goiz guztian zehar bere emanaldiak egin zituzten.
Eguneko ikuskizunik politena, aldiz, Udal pilotalekuan ospatutako herri arteko herri kirol lehia izan zen. Astigarraga, Hernani, Urnieta eta Usurbilgo taldeak aritu ziren nor baino nor ia bi ordu eta erdi luzatu zen ikuskizunean eta bertan zeudenak gustura egon ziren saio desberdinak ikusten.
Sokatiran sailkatze fasea ospatu zen lehendabizi. Lau herriek denek denen aurka lehiatu ziren. Urnieta eta Usurbilgo taldeak agertu ziren sendoenak eta final nagusirako sailkatu ziren. Ondoren sagar biltzea etorri zen eta bertan Benito Loitegi eta Aizpea Goenaga urnietarrek irabazi zuten. Ingudearekin eginiko saioan, Asier Lizaso urnietarrak 58 altxaldi eman zizkion 18 kiloko ingudeari minutu bateko tartean. Bere atzetik aritu ziren hiru ordezkariek etzuten marka hori gainditu eta lau puntuak Urnietak eskuratu zituen. Harrijasotze proban, Urnietako ordezkaria Mari Jose Sardon izan zen eta 50 kiloko harria 3 minututan 22 aldiz jaso zuen. Marka itzela. Txalorik gehien lortu zuen kirolaria izan genuen. Beste herrietako partaideak gizonezkoak genituen, 70 kiloko harria altxatuz. Bik Mari Joren lana gainditu zuten eta batek, aldiz, ez. Hala, Marijok 2 puntu eman zizkion Urnietari.
Giza proban Aimar Otaño eta Jon Robles urnietarrek atzetik aurrerako saioa egin zuten. Beste aurkariak nekatuz zihoazen heinean postuak aurreratuz joan ziren bigarren postua eskuratu eta 3 puntu garrantzitsu bilduz.
Txinga probarako Urnietako bikotea Aitor Belaunzaran eta Juanjo Agudok osatzen zuten. Astigarragakoekin izandako lehia hestua eta gero 17 plaza eta 19 metroko marka lortu zuten. Lau taldeen artean onena eta ondorioz saioko lau puntuak Urnietarentzat. Berdina gertatu zen zaku lasterketa edo kontrabandoko proban. Aitor Zumeta, Xabier Yurramendi eta Aitor Argiñarenak osatzen zuten Urnietako taldea. Zaku aldaketaren batean arazo txikiren bat izan bazuten ere, garaipen eder bat lortu zuten.
Azken aurreko proba lokotx bilketarena zen. Xabier Barberena eta Almudena Salasek osatu zuten Urnietako bikotea. Lanean Xabier hasi zen eta bere saioa lehen postuan amaitu zuen, baina, Almudenak lan bikaina egin arren, Hernani eta Usurbilgo lasterkariek aurre hartu zioten eta hirugarren amaitu zuen. Kirol proba amaitzeko, sokatira finala jokatu zen, Urnieta eta Usurbilen artean. Urnietako taldea Aitor Zumeta, Joseba Labaka, Juanjo Agudo, Patxi Morandeira, Aizpea Goenaga, Urtzi Telleria, Arantxa Goenaga eta Axier Lizasok osatzen zuten. Bi tiraldi jokatu ziren eta biak urnietarrek irabazi zituzten.
Hala, sailkapenean Urnietak 27 puntu lortu zituen, Usurbilek 23, Hernanik 17 eta Astigarragak 15.
Extracciones de sangre
Hoy, día 21, se realizará en el ambulatorio de Urnieta la segunda extracción de sangre de 2006, entre las 19 y las 21 horas.