SEGURA. DV. Geranioak, horten-tsiak, pentsamenduak, arrosak, krabelinak, geriza, udare edo beste hainbat frutarbola, astigarra, sahatsa edo elorria bezalako zuhaitz edo zuhaixkak... mota guztietako lore eta landareak ikusi eta erosteko aukera izan zen atzo goizean Segurako plazan, Lore eta Landareen Udaberriko Seigarren Azokan. Lorategi, baratze, etxe edo balkoiak lorez apaintzeko aukera eta eskaintza paregabea izan zen eta jendeak ere aprobetxatu zuen, ehunka lagun gerturatu baitzen azoka gunera.
Txistulari eta trikitilarien musikarekin ireki zen azoka, non 12 lorezainek etxe barruko zein kanpoko loreak aurkeztu zituzten jendaurrean. Gipuzkoa osotik etorritako 11 mintegi (Segura, Zaldibia, Arama, Zumarraga, Tolosa, Lezoko 2, Hondarribia, Aginaga, Usurbil eta Zubietakoak) eta Nafarroako batek, azokara gerturatu ziren landare zaleen gustu ezberdinak asetzeko adina lore azaldu zituzten beraien erakusmahaietan. Segura eta inguruko herrietako artisautza eta produktu ezberdinen erakustokiek ere osatu zuten azoka, adibidez gazta, eztia, taloak, oreinkiak, lorontziak, erratzak...
Festa egunean beste ekitaldi osagarri batzuk ere izan ziren, esaterako Irun Bonsaiko Jabi Lumbrerasek bonsaien inguruan eman zuen erakustaldia, non arbola txiki hauen berezitasunak eta zaintza bertatik bertara ikusi ahal izan zen. Lore azokaren inguruan eraSegurako atari eta balkoiak lorez dotoretzeko lehiaketa ere igandean jarri zen abian, herrian kokaturiko etxe guztiak sartzen direlarik sariketa honetan, lehiaketaren emaitzak herriko jaietan jakinaraziko direlarik.