Herodotok kontatzen duenez, ba omen zen Mydas izeneko gizon bat, Frigiako errege eta Gordiasen seme. Mydas honen berri ematen digu Juan Bautista Agirrek bere erakusaldietan. Dirudienez, belarri handiak zituen erregeak, ilearekin ezkutatzen zituenak. Behin batean, belarri puska haiek ikusi zizkion bizargileak. Erregeak herio-zigorra ezarri zion inori esaten bazion belarrien kontua. Bizargileak ezin izan zion esan nahiari eutsi. Herritik kanpora zegoen soro batean zulo handi bat egin eta burua sartu zuen barruan. Mydasek asta belarriak ditu, oihu egin zuen bertan. Baina jaio ziren zulo hartan kanaberak, eta, haizeak batetik bestera zerabiltzanean, haizeak berak hots egiten zuen bizargileak esandakoa, Mydasek asta belarriak ditu. Halaxe barreiatu zen berria leku guztietan.
Mazedoniako Mydas hauxe da gauzak urre bihurtzeko abildadea zuena. Dakigunez, jaien eta ardoaren jainko den Baco iritsi zen behin errege honen lurretara. Artean, zaharra zen Baco eta sekulako melokotoia harrapatu zuen. Herritarrek erregearengana eraman zuten jainkoa. Izan ere, bazekiten Mydas erregea jantzia zegoela jainko honen kultuetan. Halatan, jai ederrak agindu zituen erregeak Bacoren ohoretan. Jainkoak, esker onaren seinale, gurari bat eskatzeko esan zion Mydasi. Ezaguna da zer eskatu zuen erregeak, ukitzen zuena urre bihur zedila. Halaxe ukitu zituen adar bat, sagar bat, erreka bat, harri bat, lur zati bat, galburu bat Baina uste baino lehenago damutu zitzaion erregeari urre-grina; pozaren pozez bere alaba laztandu bezain laster urre bihurtu baitzuen hura ere.
Geroztik, behin baino gehiagotan entzun dugu denbora urrea dela, baina inon ez da esaten Mydasek denbora ukitu zuenik. Nork ukitu zuen orduan? Beste norbaiti eman al zion Bacok Mydasen abildadea? Inoiz ez dugu jakingo. Guk ere esku-eskura daukagu denbora, baina bera da gu ukitzen gaituena, eta ez alderantziz. Denbora urre bilatzaileak bezalakoa baita, errukirik gabea.