Une honetan, 3.000 bat lagunek ikasten dute euskara Euskal Herritik kanpo. Euskal etxeek eskaintzen dituzten ikastaroetan ari dira gehienak -2.200 inguru-, baina gero eta gehiago dira Europa eta Amerikako zenbait unibertsitatetan antolatzen diren ikastaro eta mintegietara biltzen direnak. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen bi jarduera nagusi horiez gain badira, gainera, beste ekimen batzuk, hala nola Euskal Herriko unibertsitateek atzerriko beste unibertsitate batzuekin dituen hitzarmenak, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen bat edo beste...
Euskal etxeetan euskalduntzen ari direnen artean, Amerikak du, noski, kopuru handiena: 1.500, Europako 700 ikasleen aldean. Eta Amerikan, Argentina da nagusi. Izan ere, zeregin honetan aitzindari izan zen Argentinan bizi da Euskal Herritik kanpo euskara ikasten ari diren bi ikasletik bat. Eskaria handia izanik, beste urrats garrantzitsu bat ere egin dute Argentinan; irakasleak Euskal Herritik bidali beharrean, argentinarrak ari dira euskara irakasteko prestatzen. Ekimen pilotu honen baitan 42 euskara irakasle argentinar trebatu dira, eta beste horrenbeste daude trebatze bidean, teknologia berriak eta urrutiko irakaskuntza baliatuz.
Europan, berriz, Bartzelona eta Madrilgo euskal etxeek (200 ikasle bien artean) eta Pariskoak (150 lagun) hartzen dute 700 ikasleen erdia.