EZKIO-ITSASO. DV. Datorren igandean, martxoak 26, goizeko 12.30 etan lehenengo deialdi moduan eta ordu batetan bigarren deialdian, Anduaga Elkartekoek urtero antolatzen duten Batzar Nagusia egingo dute beraien egoitzan bertan.
Batzar honetan, gai desberdinei buruz hitz egingo dute kideek. Lehenengo eta behin aurreko urteko batzarreko aktaren irakurketa eta onartea egingo da; geroxeago, kontuen aurkezpena; elkartekide berrien onarpena; 2006. urteko kuoten eguneratzea; zuzendaritzako kide berriak zeintzuk diren esango da; elkartearen berriztatze proiektua, eta kontuak egiteko informatizazio sistemari buruz hitz egingo dute; eta azkenik, noski, dauden galderak argitu eta iradokizunak entzungo dira bertan.
Bilera garrantzitsua da honako hau bertan ikutu behar diren gaiengatik eta horregatik, Anduaga Elkarteko kide guztiei deialdi hau luzatzen zaie, datorren igandean bilera honetan parte hartu dezaten.
Anduaga
Anduaga Elkartekoek herriko ekintza desberdinetan parte hartu dute orain arte, eta hemendik aurrera parte hartze hau handitzeko intentzioarekin dabiltza. Egindako ekintza batzuk oso ezagunak egin dira, adibidez, beraiek orain dela urte dexente antolatzen duten Txirrindulari proba.
Momentu honetan urtero egiten duten Mus Txapelketaren partidekin ari dira eta datorren asteburuan finalak jokatuko dituzte eta irabazleak ezagutuko ditugu.
Aurrera begiratuz, Anduagakoek herriaren inguruan eta noski herritarrentzat ekintzak antolatzen jarraitu nahi dute eta horregatik mendi irteerak egiteko intentzioa dute, eta aurten Santa Lutzia auzoko jaien antolaketan parte hartuko dute ere, besteen artean.