Gizakia deskubritzeko jaioa da. Beti izan dira deskubridore handiak gure abere-sendiaren artean, eta ez denak genozidak gainera. Gizakion grina da deskubrimendua, hortxe dagoena begien bistara ipintzeko bulkada gotorra. Dena deskubritua degoela esaten dugu egunero, eta egunero zerbait berria deskubritzen dugu. Atzo, planeta erraldoi bat; herenegun, lur eremu birjin bat; bihar, tximinoen pareko diren gizon-emakumeak. Eta arteak ere gauzak deskubri-tzea du helburu; batik bat, edertasuna eta egia. Eta zien-tzilariek eta inbestigatzaileek ere deskubrimendua dute helburu eta goi-ikur.
Ez dakigu nora jaio garen, zertarako, nondik, zertan den heriotza, zer dagoen laino abisalen bestaldean. Hori ez dugu ja inoiz deskubrituko (fede apasionatu baten laguntzaz ez bada behintzat), eta, bien bitartean, biziarekin zerbait egin behar eta, deskubrimendura makurtzen ditugu indarrak. Batzu-batzuk euren buruak deskubritu nahi dituzte, ezagutu, conócete a ti mismo lelo olinpikoari jarraikiz. Ongi dago hori. Beste batzuk, besteon mesederako deskubritzen dituzte gauzak, geografia berriak, txertoak, tximeleta multikoloreak. Hori ere ongi dago. Beste zenbaitzuk, berriz, ibilbide luzeen ondoren, deskubritzen dute duintasuna galtzeko prest daudela edozer gauzatxoren trukean, eta ez dute lotsarik beren miseriarik lohienak munduari erakusteko. Azken sail honetan frikiak eta dohakabeak sartuko nituzke, eta asko dira, milaka, gero eta gehiago. Eta azken hauek deskubritu digute gizarte hau gaixo dagoela, minbiziak jota, eta nahiago dugula guinessaren ohorea duintasunaren zama baino.