Oraindik orain, enpresa batek, langile bat behar zuela-eta, egin du deialdi zabala. Eta bostehun eta hiruogeita hamar lagunek izena eman: 570 hautagaik. Orduan, zer proba jarri bakarra eta egokiena aukeratzeko?
Elkarrizketa bat prestatu dute, eta banan-banan galdetu diote hautagai bakoitzari zer egingo zukeen egoera larri horietako batean.
Gaua da: ekaitz beldugarria, euria goian-behean… Eta bi lagunentzako lekua duen automobilean zoaz gidari. Autobus-geltokiaren paretik pasatzean, hor ikusten dituzu hiru lagun autobusaren zain: 1) emakume zahar bat, hiltzeko zorian; 2) aspaldiko adiskide bat bizia salbatu zizuna; eta 3) zeure ametsetako gizonezkoa / emakumezkoa. Zer egingo zenuke, kontuan izanik soilik bi lagun kabitzen direla zure automobilean?
Ondo pentsatu, erantzun aurretik. Adineko emakumeak du, noski, lehentasuna; hiltzeko zorian baitago. Zorretan zaude, ordea, aspadiko adiskidearekin: bizia zor diozu. Baina, agian, ez duzu berriro inoiz topo egingo zeure ame-
tsetako gizonezko edo emakumezko zoragarri horrekin.
Banan-banan pasa omen ziren 570 hautagaiak. Baina bakarra aukeratu. Hain zuzen, dilema horri irtenbiderik egokiena aurkitu ziona. Hala zioen, behintzat, joan den ostiralean Internetez jaso nuen mezu batek. Internetez ere etortzen baita tarteka adiskideren batek bidalitako oparia. Dena ez baita Viagra eskain-tzea.
Ba, honela erantzun omen zuen aukeratutako hautagaiak:
Aspaldiko adiskideari utziko nizkioke autoaren giltzak, emakume zaharra ospitalera eraman zezan. Ni, berriz, neure ametsetako emakumezkoarekin geldituko nintzateke autobusaren zain.