ZARAUTZ. DV. Aurreko larunbatean eman zitzaion hasiera Infantilen Eskolarteko saskibaloi txapelketako bigarren faseari. Honek, bi txapelketa paralelo izango ditu: alde batetik, lehenengo faseko zortzi talderik onenak Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, ligaxka moduan, zazpi jardunaldiz osatutakoa, ondoren, final laurden, finalerdi eta finalak ospatuko dituztelarik; bestetik, txapelketa honetan parte hartzea lortu ez duten taldeek beste multzo batzuetan banatuak daude multzo ezberdinetan, bederatzi jardunaldiz osatutako txapelketa batean.
Zarauztarren kasuan, lau talde egongo dira txapelketa honetan. Mutiletan Zarautz KE taldea, bere multzoko bigarren talde onena bezala eta nesketan gure talde guztiak, hau da, La Salle Zarautz, Lizardi ZKE eta Zarautz KE, beraien multzotan lehen sailkatuak izateagatik.
Beste mutilen taldeak itxura ona eman du lehen fasean eta orain beraien multzoetako talderik onenak izateko borrokan arituko dira. Talde hauek Salbatore Mitxelena, Lizardi ZKE eta La Salle Zarautz taldeak dira.
Ikusi daitekeenez, Zarauzko saskibaloia forman dagoelaren seinale dira azpitik gogor lanean ari diren haurren emaitzak. Zorionak guztioi.