USURBIL. DV. Usurbil Kirol Elkarteko taldeek emaitza onak lortu zituzten pasa den asteburuan. Lau taldeetatik hiruk garaipena lortu zuten eta kadete mailako mutilak izan ziren punturik eskuratu ezin izan zuten bakarrak.
1. territorial mailako taldeak 26 eta 30 irabazi zuen Ormaiztegin bertako taldearen aurka. Aspaldian etxetik kanpo irabazi gabe zegoen Antonio Castroren taldea eta ligako azken bigarren neurketan beraien aurretik zegoen Ormaiztegiri irabaztea lortu zuen. Hala ere, 5. postuan jarraitzen dute.
Jubenilek, berriz, partida guztiak irabazten jarraitzen dute Gipuzkoako txapelketan. Larunbatean ere ez zuten Urola gainditzeko arazorik izan eta 35 eta 13 nagusitu ziren Oiardon. Honenbestez lidergoan jarraitzen du Manzanok zuzendutako taldeak. Kadete mailako neskak ere erraz nagusitu ziren igandean Oiardon. 21 eta 10 irabazi zuten Ereintza Aguaplast taldearen aurka Udaberri txapelketako neurketan. Herriko neskek hiru partidetatik bi irabazi dituzte eta sailkapeneko 2. postuan kokatuta daude.
Azkenik, kadete mailako mutilen taldea izan zen azken jardunaldian punturik lortu ez zuen bakarra. Oiardon lekurik ez zutela eta Orioko kiroldegian jokatu behar izan zuten larunbatean eta 25 eta 29 galdu zuten Urola Lazti taldearen aurka. Partida bat gutxiago jokatuta sailkapeneko azken postuan dago taldea.