Ni bezalako zutaberotxoa zut-ta-bero-txo! jartzen du astero zenbait idazle gazteltzale amorratuk. Denean arrazoi betea izaten ohituak daude, sobra ere; eta arrazoimenak, nekatu egiten baitzaie sarri, munstroak sorrarazten dizkiete amets aldietan. Hala, esaterako, «Au-tzi berriketak eta auskias eiñ!» entzungo balute (Utz berriketak, euskaraz egin, Nafarroako Sakanan), orojakile halakoek zer?, eta «ETA no sé qué y ¿a hostias!» ulertuko lukete, nahita. Igerabidek esango lukeen eran, koipe zaharrez betetako bidoi batek baino aurreiritzi gehiago daukate. Geuk ere, ordea, euskaltzaleok, ez daukagu gure burua hautsetarako. Ez horixe.
Duela bi aste edo, El País-en, Vargas Llosarena letu nuen: «¿Es posible ser vasco?». Jon Juaristi, El Intelectual (vasco?), ezagunaren apologia zen. Euskaldun jaio eta bizi denik inor ez balego bezala; intelektualik hain gutxi, Jon bera izan ezik. Orain astebete, berriz, DVn, Alvaro Bermejok Irene Lozano idazle madrildarrari egindako galdeketa letu nuen, zut-ta-bero letu ere. Izan ere, «Las lenguas no muerden» esanez ekin, baina dena baitzen, nire iritzirako, kosk eta ausiki «eusk» soinuko orori. Ez, behintzat, amiñi bat ere atxikimendu. Euskara lurretik betiko gal-tzea eramangarriago da horientzat, gaztelaniaren «ñ» hizkia ordenadoretik galtzea baino.
Alvarok zioen: «En su día Koldo Mitxelena escribió: 'Erdera ere hemengoa da'». Eta itzultzen zuen: el castellano también es de aquí. Erdera hemengoa ere badela, alegia? Ala !? «Ere» horrek esan nahi du euskara badela hemen, baita gaztelania ere. Baroja, Atxaga, Etxenike lekuko duin. Alvarori-eta, ordea, horrek bost: astoak ez daude lokatzetarako.