Zinemaldi espezializatuetatik at, ez da erraza film laburrak ikustea. Luze edo labur, zaila da oro har euskarazko pelikularik ikustea. Aldi berean eskaintzen ditu aukera biak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak aurten hirugarren aldiz antolatzen duen Euskarazko Film Laburren Zirkuituak. Zirkuitu hau da, alegia, film laburrak publiko orokorrari hurbiltzen dizkion bakarretakoa.
Atzo Gasteizen aurkeztu zen ekimenaren baitan bost film erakutsiko dira zirkuituak barne hartzen dituen hogeita bat emanaldietan. Iazkorik ez dago, 2005eko deialdia ez baitzen euskarazko lanik hautatu, baina filmek urtetxoren batzuk eduki arren ez dira aurreko edizioetan erakutsi. Asier Altuna eta Telmo Esnalen Txotx eta 40 ezetz , Beatriz de la Vegaren Sarabe, Bego Vicarioren Haragia eta Inaz Fernandezen Hauspo soinua ordu laurden inguruko film laburrak batera emango dira, ordu eta erdiko saioa osatuz. Filmak proiektatu eta gero, emanaldi gehienetan aurkeztutako filmen zuzendariren bat egongo da.