ZEGAMA. DV. Martin Mendizabal frantziskotarrak zegamarrok Arantzazura egiten dugun Peregrinazioari buruzko hitzaldia emango du Olarango Gizarte Zentroan, iluntzeko 19:00etan. Bertan, zegamarrok aintzinatik hain gogotsu egiten dugun peregrinazioa dela eta hainbat datu biltzen ibilia da eta aukera ezin hobea izango dugu hauen berri jakiteko.
Bestalde, Fermin Larrea Gerrikok lan bikaina egin du, 1924 ezkeroko peregrinazioko argazkiak bilduz. Argazki horiekin erakusketa bat jarri da Udaletxeko Batzar Aretoan eta maiatzaren 1 bitartean izango da irekita .
Esan, gainera, asteburuetan Zegamako Jubilatuen Elkarteak hartu duela erakusketa zaintzeko ardura. Argazki erakusketa honetatik nahiz paperean nahiz euskarri digitalean kopiarik hartzeko interesa duenak erakusketan bertan emango zaio orri bat eskaera bete dezan.
Erakusketaren ordutegia: astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara. Ostiraletan, 9:00etatik 15:00etara. Larunbatetan: 18:00etatik 20:00etara. Jai egun eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.