ARRASATE. DV. Arrasateko kaleak kolore biziz jantzi ziren beste urte batez inauteriak indar osoz gozatzeko. Marrazki bizidunetako pertsonaiek, superheroiek eta munduko hainbat lekutatik etorritako indio eta bakeroek Arrasateko kaleak hartu zituzten.
Iaz Vaya Semanitako Pelanas eta La Portuguesa pertsonaiak nagusitu ziren, baina aurtengo inauterietan ez da mozorro bat beste guztien gainetik gailendu.Adin guztiei zuzendutako ekintzak egon ziren. Txan magoak bere magiarekin ume guztiak liluratu zituen, «artxila-mortxila» hitz magikoek inauteriak are magikoago bihurtu zituen haur eta gaztetxoentzat.
Dantzazaleek ere gozatu ederra hartu zuten Samasiku txaranga, Erraldoi eta kikili eta Arrasate musikaleko banda eta balletak kaleetan zehar jo zituzten erritmo eta doinuekin dantza egiten.
Iluntzean musika ez zen gelditu eta herriko plazan Kiñu taldeak hara gerturatutakoak alaitu zituen. Jai egunari bukaera emateko, sardinaren hileta-segizioak erdialdeko kaleetan ibili ondoren, desfilea herriko plazan bukatu eta sardinaren erreketak inauterien bukaera adierazi zuen. Hurrengo inauteri jaietarako gutxiago falta da.