DONOSTIA. DV. Ikastaro oso praktiko baten bidez arkeologiaren oinarrien jabe egin nahi dutenek oraintxe daukate aukera: Udako Euskal Unibertsitateak eta Aranzadi zientzia elkarteak, elkarlanean, tankera honetako lehenengo ikastaroa jarri dute abian. Ez da inongo titulurik eskatzen, hamalau lagun bakarrik hartuko dituzte eta zabalik dago jadanik izena emateko epea. Jarduera guztiak euskaraz izango dira.
Arkeologiaren arlo asko hartuko ditu bere baitan ikastaroak. Ikerketa arkeologikoaren fase guztiak jorratuko dira bertan: aurre--txostenen lanketa, proiektuaren idazketa, interbentzio arkeologikoa bera, amaierako txostena eta emaitzen hedapena. Hiru indusketa arkeologiko zertuko dira: bata, Espainiako gerra Zibilean fusilatutako pertsonak ehortzi zituzten hobi batean; bestea, Arrasateko Lezetxiki kobazuloan; eta hirugarrena Erdi Aroko aztarnategi batean, Baztanen. Azkeneko bi indusketetan ikastaro berezi honetako ikasleak jardungo dira soilik; Lezetxikin, berriz, beste lagun batzuekin batera ariko dira ikasleok.
Hain zuzen ere, aurten 50 urte betetzen dira Arrasateko Leze- txiki kobazuloan Joxemiel Barandiaranek lehenengo indusketa egin zuela. Han, jakina denez, aurkitu zen orain arte Euskal Herrian sekula aurkitu den giza--aztarrenik zaharrena, besahezur bat. Azken hamar urteotan urtero egin dira han indusketak, baina bi astekoak bakarrik, muga ekonomikoak daudelako.
UEU eta Aranzadi saiatu dira lurraldetasuna aintzat hartzen. Karrantzatik hasi eta Baztaneraino joango dira ikasleak. Karrantzan, adibidez, Kobenkoba eta Dolomitak fabrika bisitatuko dituzte. Gipuzkoan, berriz, Beasaingo Igartza eta Zarauzko Arte eta Historia Museoa.
Alde teorikoa on-line emango da, UEUren plataformen bitartez. Eskarmentu handiko profesionalak ariko dira irakasle; besteak beste, EHUko, Aranzadiko eta CSIC-eko adituak.
«Ikastaro praktikoa da. Ez da unibertsitateari konpetentzia egiteko. Parte hartzeko, nahikoa da arkeologiaren zale izatea. Kaleko edozeini irekita dago. Parte- -hartzaileek gure iragana ezagu-tzeko aukera izango dute, eta giza--eskubideen alorrean ere egingo dute lan, fusilatutakoen aztarnen bila jardungo dira-eta», esan zuen atzoko aurkezpenean Juantxo Agirre, Aranzadi zientzia elkarteko idazkariak.
UEUko zuzendari Lore Erriondo pozik agertu zen atzo, lankidetza hau dela-eta: «UEUren zeregin nagusietako bat aditu euskaldunak formatzea da, eta horretarako ezinbestekoa dugu gaur aurkezten duguna bezalako ikastaroak antolatzea. Euskal gizartearekin dugun konpromisoa da gurea, eta euskal gizarteak ezinbestekoa du esparru guztietan goi-mailako ikasketak dituzten adituak izatea. UEU horretan saiatzen ari da jaio zenetik, 34 urte, beraz. Azken hiru hamarkadetan euskarazko hezkuntzak izugarrizko aurrerapausoa eman du; baina batzuetan ahaztu egiten zaigu egiteko geratzen dena asko dela, eta goi-mailako hezkuntzan are gehiago. Hutsune horietako bat estaltzeko antolatu dugu ikastaro hau, eta lotsa askorik gabe esan dezakegu punta-puntako ikastaroa dela».
Agirrek gaineratu zuen azken hamarkadetan arkeologiak «egungo bizimodu hiritarrean protagonismo handia» hartu duela eta ikerketa arkeologikoetan parte hartzeko «gaituta dauden lagunak ezinbestekoak» direla.