DONOSTIA. DV. Urtean bitan jarri ohi ditu irakurleen esku Euskal Idazleen Elkarteak Hegats eta Kalegats aldizkariak. Hegatsen 37. alea eta Kalegats euskal letren agerkariaren 7.a aurkeztu zituen atzo Donostian Elkarteko buru Tere Irastortzak, besteak beste argitalpenak argitara emateko orduan lagun dituzten Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak ere tartean zirela. Literaturari buruzko aldizkariak biak ala biak, baina «oso berezituak», Irastortzak azpimarratu zuenez.
Kalegats, alegia, «literaturara asko gerturatu ez den publiko orokorrari zuzendutako» agerkaria da eta, publiko horrentzat erakargarriagoa izan dadin Aritz Gorrotxategi idazleak zehaztu zituen ukituren batzuk eman dizkiote. Kolorea izango du aurrerantzean ikastetxe, euskaltegi eta liburu-dendetan doan banatzen den aldizkariak, eta formatu aldetiko beste hobekuntza batzuk ere egin dizkiote. Edukiei dagokienez, eleberri poliziakoari eskainitako atal ugariek -Gotzon Garateren eta Itxaro Bordaren zutabeak eta Hasier Etxeberriari egindako elkarrizketa barne- kutsu monografiko halako bat ematen diote, nahiz eta ez dien uko egin ohiko sailei. Deigarria da ohiko atal den gomendioa, ale honetan, kulturarekin zerikusia duen norbaitek egin beharrean Igor Jauregi Realeko jokalariak egitea. Monografikoa da erabat Hegats aldizkaria, hiriei eskainia. Ikuspegi ugaritatik jorratzen dute gaia aldizkarirako artikuluak prestatu dituzten idazleek. EIEren web gunean -www.idazleak.org- ere irakur daitezke aldizkari biak.