Jueves, 23 de febrero de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

CULTURA
Cultura
Liburu bilakatu dute Karmele Jaiok eta Peru Magdalenak 2004ko Igartza beka
'Amaren eskuak' eleberriak eman zion saria Jaiori, eta Magdalenak 'Lile' ipuin- bildumarekin eskuratu zuen akzesita «Literaturara hurbiltzeko bi era» islatu dituzte egileek editorearen aburuz
Peru Magdalena eta Karmele Jaio. [MICHELENA]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar
LIBURUAK
Amaren eskuak

Egilea: Karmele Jaio (Gasteiz, 1970).

Argitaletxea: Elkar.

Orrialdeak: 188.

Lile

Egilea: Peru Magdalena (Durango, 1980)

Argitaletxea: Elkar.

Orrialdeak: 171.

Publicidad

DONOSTIA. DV. 1993an sortu zenez geroztik, gaur egun dezenteko itzala duten zenbait idazleri eman izan die Igartza literatura sorkuntzako bekak aurreneko lanak gutxieneko lasaitasunez idazteko eta argitaratzeko aukera. Aurretik Jon Arretxek, Jasone Osorok, Fernando Morillok eta, besteak beste, Unai Elorriagak egindako bidea egin dute oraingoan Karmele Jaiok eta Peru Magdalenak: liburu bilakatu dituzte, alegia, hurrenez hurren 2004ko beka eta akzesita eman zizkieten Amaren eskuak eta Lile proiektuak.

Eskuetan liburuak eta alboetan aita-ama pontekoak -Arantxa Urretabizkaia batak, Harkaitz Cano besteak- zituztela aurkeztu zuten urte eta erdiko lanaren emaitza Jaiok eta Magdalenak. Tartean ziren, halaber, 35 urtetik beherako idazle berriei -adina baldintza bat izanik, gehienez ere bi liburu argitaratu izana da bigarrena- zuzendutako sorkuntzarako bekari eusten dioten Beasaingo Udaleko, CAF enpresako eta Elkar-eko ordezkariak.

Bi liburu, bi mundu

Hamaika puntuko «dekalogo» baten bitartez, harrera oso literarioa egin zion Harkaitz Canok Peru Magdalenaren Lile ipuin-bildumari. Besteak beste, «liburua blaitzen duen lirika berezia», idazlearen «begirada azti eta bitxia» eta liburua osatzen duten ipuinen arteko «batasun berezia» azpimarratu zituen, «liburuko motor ezkutua» den Lileren «jolas hutsetik haratago doan poza» ere aipatuz. Eta aurkezlearen eta aurkeztuaren arteko konplizitate halako baten oinarrian antzematen den literatura, musika eta pinturaren arteko bide uztartua. «Norbaitek esan nahi nuena hartu duela ikustean» pozik azaldu zen, bestalde, «liburu bizi, pasional eta akaso inozentea» idatzi duen Peru Magdalena.

Arantxa Urretabizkaia Karmele Jaioren ama-pontekoak Amaren eskuak eleberriak hutsune bat bete duela adierazi zuen: «Mende luzetan, semeen eskutik heldu dira literaturara amak; ama sakrifikatuak, normalean, ama baino ez ziren emakumeak. Amaren beraren ahotsa sartu zenean ere, ama zen aldetik hitz egiten jarraitu zuten amek. Hauek ditugu amaren eta alabaren arteko lehen hitzak, falta zitzaizkigun hitz horiek». «Azaleko istorioa -esan zuen Karmele Jaiok- bi belaunaldi desberdinetako bi emakumeren artekoa da, krisi batetik abiatzen dena, baina azpiko geruzetan beste gauza batzuk azaldu nahi izan ditut: zein garai desberdinak bizi izan ditugun, baina zein berdinak diren azken batean beti hor dauden kezka nagusiak».

«Bi liburu, bi mundu, bi idazkera, literaturara hurbiltzeko bi era». Horrela deskribatu zituen atzo aurkeztutako lanak Xabier Mendiguren Elizegi editoreak, liburu bakoitzak bere bidea egin behar duela adieraziz eta IX. Igartza beka deituta dagoela gogoraraziz. Interesik duenak, honako helbidean eska ditzake oinarriak: euskera@beasain.net.



Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam