DEBA. DV. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak euskal historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta, era berean, gure literatura aberasteko asmoz, I. Tene Mujika beka sortu dute aurten; garai bateko ipuin lehiaketaren ordezkoa. Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osatu dute epaimahaia eta jasotako proiektu guztiak (bi besterik ez) aztertu ostean, Ramon Olasagasti kazetariaren 'Mendiminez' proiektua izendatu dute irabazle.
Kazetariak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko sari modura; diru-kopuruaren erdia orain jasoko du eta beste erdia, ostera, behin betiko idazlana entregatu eta aipatu epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera, hain zuzen ere. Diru-sariaz gain, Elkar argitaletxeak argitara emango du; bide batez, egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikideek onespena eman eta handik sei hilabeteko epean kaleratuko da liburua, bekaren aipamena eginez.