Jueves, 23 de febrero de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

BAJO DEBA
DEBA
DEBA / Ramon Olasagasti kazetariaren 'Mendiminez' proiektuak jaso du I. Tene Mujika beka
DEBA. DV. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak euskal historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta, era berean, gure literatura aberasteko asmoz, I. Tene Mujika beka sortu dute aurten; garai bateko ipuin lehiaketaren ordezkoa. Lorea Agirrek, Elixabete Garmendiak eta Pruden Garziak osatu dute epaimahaia eta jasotako proiektu guztiak (bi besterik ez) aztertu ostean, Ramon Olasagasti kazetariaren 'Mendiminez' proiektua izendatu dute irabazle.

Kazetariak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko sari modura; diru-kopuruaren erdia oraintxe jasoko du eta beste erdia, ostera, behin betiko idazlana entregatu eta aipatu epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera, hain zuzen ere. Diru-sariaz gain, Elkar argitaletxeak argitara emango du; bide batez, egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari.

Epaimahaikideek onespena eman eta handik sei hilabeteko epean kaleratuko da liburua, bekaren aipamena eginez.

Zendutako mendizaleak

Ramon Olasagastik, Bitoriano Gandiagaren poema argitara gabeen haritik, Mendiminez izenburua jarri dio proiektuari. Bertan, azken urteotan mendian hil diren hainbat euskal mendizaleren ibilbidea, biografia, soslaia eta oroitzapena osatu nahiko luke lan honetan. Haien mendimina eta bizitza tratatuko du liburu honetan, baina baita haien hutsuneak utzitako mina ere; izan ere, mendia min iturri bihurtzen da halakoak gertatzen direnean.

Felix Iñurrategi, Jose Luis Zuloaga 'Zulu', Manu Badiola, Atxo Apellaniz, Miriam Garcia, Xabier Ormazabal, Antonio Miranda, Mikel Ruiz de Apodaka, Xabier Ansa, eta Pumorin zendutako bost gazteak; horiexek lirateke, behin-behingoz, lan honetan gogoratu nahi liratekeenak, beste zenbait alpinista ere ahaztu gabe.

Pirineotatik Alpeetara eta Himalaiara euskal mendizaleek azken urteetan egindako bidean zorionak askozaz gehiago izan badira ere, aldian-aldian zoritxar batzuk ere gertatu dira. Arrazoia zehazten erraza ez bada ere, beste edozein istripuk baino zirrara handiago sortu izan dute gurean zoritxarreko albisteok. Mendiak badu euskal gizartean halako hunkipen ahalmena.

Sarituaren ibilbidea

Ramon Olasagasti berrobitarra kazetaria da ikasketaz eta lanbidez, lehenago Euskaldunon Egunkaria-n eta gero Berrian era askotako lanetan aritua baina batez ere mendiari buruzko informazioan espezializatua. Horrez gain, kolaborazio ugari egin ditu arlo horretako aldizkarietan, Pyrenaica, Desnivel, Gure Mendiak, Euskal Herria...

Liburuetan, berriz, obra hauen egilea da: Sei arrasto Eskandinavian (Aramaiako Sagitario Saria, Infomart, 1998) Hiru pauso, hiru norabide (Josu Iztueta eta Aitor Elduaienekin. Letxukale, 1999) Josune Bereziartu. Hatz puntak (Kutxa, 2004).



Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam