ZUMARRAGA. DV. Zumarraga-Urretxuko bertso eskolakoek dagoeneko klasiko bihurtu den Martxoan bertsoa zikloa prestatu dute aurtengoan ere, laugarren edizioa hain zuzen.
«Aurreko urteetako arrakasta itzela kontuan hartuz, ziur aurten ere ziklo honek ikusmin eta arreta handia beregantuko duela martxoak irauten duen bitartean. Egitarauari begiratu bat botatzea besterik ez dago proposatzen diren ekimenak adin guztietako jendeari zuzenduak daudela ikusteko», dio Gorka Azkaratek, bertso eskolatik.
«Herriko bertsolari txapelketa zikloko izarretako bat izango da beste behin ere. Hiru kanporaketa eta finalaz osaturiko lehiaketa honek entzule eta zaletu andana erakartzen du egun batez bertso plaza bilakatzen diren taberna zulo ilunetara», gogoratzen digu Azkaratek. Lehia martxoaren 4an hasiko da Motz tabernan, eta jarraian beste bi kanporaketak jokatuko dira Fox eta Aldiri tabernetan martxoaren 10ean eta 11an, hurrenez hurren. Final handia izango da aurtengo martxoan bertsoa zikloa itxiko duen jarduera, martxoak 31an, Gaztelekun. Saio guztiak gaueko 11etan hasiko dira.
«Bertso eskolak klase berezi bat emango du beste urte batez martxoaren 11an, Urretxuko kultur etxean, goizeko 11etatik aurrera. Aurtengoan Estitxu Eizagirre bertsolari eta kazetari ezaguna gonbidatu dute ihardunaldi honen gidari izan dadin»,
Dagoeneko klasiko bilakatu da, era berean, ziklo honetan azken bi urteetan egin den bertso afaria. Aurtengoan Amets Arzallus eta Aitor Sarriegi bertsolariak izango dira entzungai. «Amets txunditzeko moduko Txapelketa Nagusi bat osatu ostean dator gugana, bertan BECeko final handian laugarren postua erdietsi ostean.
Ametsek txapelketa horretan botatako ale ugari betiko gordeko ditugu gure oroimenean. Aitor Sarriegiri dagokionez, finalaren atarian geratu zen txapelketan, sekulako maila emanez eta gehiago merezi ote zuen sentsazioarekin». Afaria Zumarragako Galeperra elkartean ospatuko da. «Martxoaren 23an, Asier Otamendi eta Alberto Martinez 'Bei-tto' bertsolari-bidaiariek euren bidaia bertso bidez kontatuko digute propio prestaturiko diaporamaz baliatuz. Horretaz gain, aurten ere ezin falta bertso eskolako kideek propio prestaturiko emanaldi berezia. Iazko ildoari jarraituz, bertsoak eta musika uztartzen saiatuko dira, Gaztelekun gaueko 22:30etatik aurrera eskainiko duten saio berezian».
Haurrei zuzenduriko emanaldiei dagokionez, martxoaren 19an 1, 2, 3... Iñaxito bertso antzerkia antzeztuko da Labeaga Aretoan. Bukatzeko, dagoeneko martxan den Zumarraga-Urretxuko Eskolarteko XIX. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da martxoaren 31n Zelai Arizti Aretoan.