TOLOSA. DV. Larunbat arratsean Europa ekialdetik Tolosaraino iritsitako kaldereroek ihauteri atariko zalaparta eta alaitasuna ekarri bazituzten ere, Laskorainentzat ez zuten albiste gozorik ekarri. Ikastolakoek 3 eta 2 galdu zuten Ceramicas Nogalesen aurka Astigarragan jokatutako derbia, azken gol erabakiorra amaierarako hiru segunduren faltan jaso zutelarik.
Sagardotegietako La Mekara hurbildutako zaleak derbiek bildu ohi dituzten osagai jakinak dastatu ahal izan zituen: joko intentsoa, ahalegin ikaragarria bi taldeen partetik eta markagailuko berdintasunak sorturiko emozioa. Hau da, derbietako bakailu, txuleta eta gazta ta menbrilloa hain zuzen ere.
Norgehiagoka ez zen batere ondo hasi horitxoentzat, lehen minutuetan Nogalesekoak izan baitziren jokoaren jaun eta jabe. Honela, korner batean, partidako lehen gola etxekoen zakura erori zen, horitxoek lan dezente egin beharko zutelarik aurrerantzean.
Gol honetatik aurrera ordea, eta defentsan eginiko doiketa bat tarteko, jokoa horitxoen aldera desorekatu zen nabarmen eta minutuak aurrera joan ahala berdinketarako gol aukerak bata bestearen atzetik hasi ziren etortzen. Nogaleskoen atezain tolosarragatik batzuetan (Legarrak eta Arregi atezain horitxoak partida oso ona burutu zuten), punteria erdoilduagatik besteetan, aukera guztiak erratu ziren baina.
Atsedenaldiaren ostean gainera, laskoraindarren baloi galera bat aprobetxatuaz, Nogalesekoek bigarrena sartu zuten, gauzak are eta zailago ipiniaz. Jokoaren dinamikak ordea berean iraungo zuen, eta beste gol aukera dezenteren ondoren, Gil TDI-k lehendabizi eta Barriola GTI-k beranduxeago sartutako golek partida berdindu zuten. Baina hasieran esan bezala, binako berdinketa amaierarako hiru segunduren faltan hautsiko zen Nogaleskoen alde. Badakizue, txanpona airera botaz gero, fifty-fifty izaten da, caraycruz, leoncastillo. Patuak erabakitzen du horrelakoetan eta patuaren epaia onartu egin beharra dago eta kitto. Partida ederra jokatu arren, ezin izan zieten Alonso, Domentxe eta Zubillaga lesionatuei punturik eskaini, Javi delegatuak, Egizabal entrenatzaileak eta Arregi, Yustos, Telletxea, Saldias, Gil -haserako bostekoa- Amatriain, Barriola, Calixto eta Murgi jokalariek.Harrobian gauzak hobeto joan ziren asteburuan. Alonso 'Mourinho'-ren taldea 1 eta 9 gailendu zitzaion Interren filialari eta Murua 'Camacho'-renak berriz 2 eta 5 irabazi zuen etxetik kanpo.