DONOSTIA. DV. 1989 urtean, Goierriri buruzko ikerketak sustatzeko sortu zuten gerora ikerlan-beka bilakatuko zen Gerriko lehiaketa -Jose Ignazio Gerriko (1740-1824) Segurako idazlearen omenez, Dionisio Amundarainen ekimenez eta berriki zendu den Joxemartin Apalategiren lankidetzaz- Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkarteak, Maizpide Euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak. Atzo egin zen XIII. edizioaren aurkezpenean, alegia, oso gogoan izan zituzten aurkezpenean parte hartu zuten guztiek Joxemartin Apalategi eta hark egindako ekarpenak. Jokin Apalategi anaiak Gerriko ikerlan-beka Joxemartinen «lanik maitatuenako bat» zela adierazi zuen.
Aurreneko edizioetako «asmo zoroa» berretsi zuen atzo Dionisio Amundarainek XIII.aren aurkezpenean, joera nagusia «gauzak berdintzea eta homogeneizatzea» den honetan tokian tokikoa lantzeak eta berezitasun horiek munduratzeak duen garrantzia azpimarratuz. Jatorrizko asmoari eusten dio, beraz, Kutxaren eta Euskadiko Kutxaren laguntza ere baduen ikerlan-bekak. Proposamena aurkezteko ez da zertan goierritarra izan, baina Goierrirekin zerikusia izan behar du ikerlanaren gaiak, zientziaren edozein alorretakoa dela ere.
Aurtengo maiatzaren 6rako aurkeztu behar dira proposamenak, proiektua 15 bat orrialdetan zehaztuz. Usadioari jarraituz, jasotzen diren lanen arabera izendatuko dute epaimahaia antolatzaileek, eta epaimahaikideek ekainaren 23an azalduko dute zein proiekturi eman -bat baino gehiago hautatzea badute- 6.000 euroko laguntza. Hortik aurrera, urtebeteko epea izango du ikertzaileak-edo dute, lan bat baino gehiago saritzekotan- lana burutzeko. Oinarri zehatzak eskuratu nahi dituenak GEE@euskalnet.net helbidean eta 943160282 telefono zenbakian eska ditzake.