Miércoles, 22 de febrero de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

CULTURA
Cultura
Imanol Azkue zumaiarrak bigarren aldiz irabazi du haur literaturako Lizardi ipuin saria
Harrera-etxe batean bizi diren anai-arreba batzuk dira protagonistak
Imanol Azkue, iaz argitaratu zuen ipuin-bildumarekin. [MICHELENA]
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

DONOSTIA. DV. Imanol Azkue Ibarbia zumaiarrak irabazi du hogeita laugarren Lizardi saria, Kea airean bezala lanarekin. Ohitura den bezala, liburua inprimatzen denean 2.400 ale banatuko dira dohainik Zarauzko ikastetxeetan.

Imanol Azkuek bigarren aldiz irabazi du Zarauzko Udalak antolatutako Lizardi saria. Sari-ematea apirilaren 25ean izango da. Honela azaldu du egileak ipuinaren nondik norakoa: «Bi anai-arreba harrera-etxe batean bizi dira. Ez dira gaizki bizi, ez daukate kexatzeko arrazoi berezirik, baina egunerokoa gogorra egiten zaie, batez ere gozotasuna, berotasuna eta maitasuna amesten dituztelako, eta horixe gertatzen zaio mutilari bereziki: egunerokotik ihes egin nahi du, urrutira joan, orain sumatzen ez duen babesa beste nonbait bilatu, baita irudimenaren bidez bada ere. Esango nuke samurtasuna dela nagusi ipuin honetan, eta umorea ere bai kasu batzuetan. Egoera gogorrik ez da deskribatzen, baina zer pentsatua ematen dio irakurleari».

Idazlearen ustez hamar urtetik gorako irakurleentzat da egokia narrazio hau. Ipuinaren estiloari dagokionez, hau adierazi du Azkuek: «Lehen pertsonan dago kontatuta, hamar urteko mutil baten begietatik, eta egunerokoa hainbat argazkitan islatzen da, baina batez ere inguru hurbilekoekin daukan harremana: aitari bisita egin eta zein egoeratan dagoen, arreba nagusiagoarekin daukan harremana, amaren hutsunea...»

Imanol Azkue Ibarbia (Zumaia, 1965) Geografia eta Historia ikasia da, euskara irakasle eta itzul-tzaile ibilia hainbat urtetan. Gaur egun hizkuntz aholkulari eta trebatzaile da Elhuyar Aholkularitzan.

Literaturari dagokionez, ipuingintzan aritu da batez ere, eta zenbait literatur lehiaketa irabazi ditu (Zumaiako Julene Azpeitia, Ondarroako Augustin Zubikarai, Lasarte-Oriakoa...). 2002an Xabier Lizardi Saria irabazi zuen Gaur egun handia da lanarekin (Erein argitaletxea). Ipuin horietako ba-tzuk bateratuta kaleratu zituen liburu batean: Egunerokoa ez dena (2005, Erein).

Lizardi Sariko irabazleak 3.000 euro jasoko ditu eta bere lana argitaratu egingo da. Liburuaren 2.400 ale, Zarauzko Udalari esker, bertako ikastetxeetan banatuko dira doan. Aurten honako hauek izan dira epaimahaikide: Xabier Etxeberria, Yolanda Arrieta, Xabier Etxabe, Pello Esnal (2004ko edizioko irabazlea) eta Imanol Lasa (zinegotzia).

Lizardi saria haurrei eta gazteei zuzendutako ipuinentzat da. Historia luzea du eta, aurreko urteetan, honako lagun hauek gertatu dira irabazle, besteak beste: Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Felipe Juaristi, Xabier Mendiguren, Martin eta Xabier Etxeberria eta Pello Esnal.

Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam