USURBIL. DV. Udalak kaxkoa eta Kalezarko erdibidean dagoen Artzabal baserriaren Birgaitzerako Exekuzio Proiektua eta proiektu faseko osasun eta seguritateko azterlanaren idazketarako aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatu du. Jaime Abalos arkitektoa izango da 43.000 euroko aurrekontuarekin proiektuaren idazketa egingo duena.
Monumentu izendapenaz, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian inskribatua dagoen baserri hau 3. adinekoen zerbitzurako jarri nahi du udalak. Zahar egoitza edo etxe modura egokitzeko egitasmoa aurrera eraman nahi dute bertan. Etorkizunean gero eta adineko jende gehiago egongo dela eta arlo honi erantzun bat eman nahian bideratu nahi dute proiektu hau.
Gaur egungo zerbitzuak eskas geldituko direla eta, aurreratzea da udalaren nahia. Izan ere, oraingo egoitza txiki gelditzen ari da.Artzabal egungo zahar etxearen antzekoa izango litzateke lehendabizi eta epe luzean zaharren erresidentzia bihurtzeko ideia ere ez litzateke baztertuko.
Aurreko legegintzaldian beste egitasmo bat zuen udalak Artzabal baserriarentzat. Hiri Antolakuntzako Arau Subsidiarioetako 4. sektorea (Artzabal) garatzearen truke, Artzabal baserria Udalaren ondasun bihurtu zen eta baserri hau 'Sagardo etxea' bihurtzeko asmoa azaldu zuen. Honen osagarri modura inguru horretako beste lokal bat ere eskuratu zuten 2003. urteko apirilean.
2003. urteko ekainetik udal gobernuak, ordea, asmo hori baztertu eta Artzabalen zahar egoitza jartzeko asmoa ekarri zuen. Izan ere, horixe zen Eusko Alkartasuna alderdiaren egitasmoetako bat. Horregatik, proiektu hau aurrera eramateko pausuak ematen hasi dira dagoeneko.
Artzabal baserria iaz izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak monumentu modura. Artzabal XVIII. mendeko baserria da Josu Tellabideren 'Usurbilgo baserreiak eta baserritarrak' liburuaren arabera.
Garai horretan, seguru asko beste etxe zahar baten oinarrietan eraiki zela dio Tellabidek, ia aldaketarik gabe mantendu zelarik 1957 arte. Urte horretan, belar-zulo bat eta mandiorako sarrera berria egin omen ziren eta berrikuntza horiekin batera galdu zuen etxearen garai berekoa zen dolarearen zorua. «Etxe barruko egiturak zurezkoak dira zatirik handienean. Orokorrean baserri bikaina da, bere garaikoen artean aipagarrienetakoa».