URNIETA. DV. Inauteriak inguratzen ari direla-eta Egape ikastola bere urteroko festa antolatzen ari da. Aurtengo ospakizuna kaldereroen inguruan egingo da. Gai hau dela-eta zenbait hungariar abesti eta dantza prestatzen ari dira eta egun hauetan ikastolan zartagin hots ugari entzun daiteke. Guraso, haur eta irakasleak elkarlanean ari dira datorren asterako dena prest egon dadin, ohiturari jarraituz guztiok elkarrekin arratsalde atsegin bat igarotzeko asmoz.
Ikastolatik azaltzen dutenez, nahi duen oro dago festara gonbidatuta eta, gainera, mozorrotzera ere animatzen dituzte parte-hartzaileak.
Emanaldia datorren ostiralean izango da, arratsaldeko 14:45ean hasita, Lizardi kaleko eraikinean. Festari behar duen amaiera emateko Guraso Elkarteak prestatutako txokolatea hartuko dute parte-hartzaileek.