Goizean goiz egiten dudan lehenengo gauza da egunkaria irakurtzea. Ordenagailua piztu eta prentsaren errepasoa egiten dut. Komunikabide diferenteen ikuspegia jakiteko. Aukera ematen dizu batek kontatzen ez duen hori beste batean irakurtzeko. Aukera daukazu bakoitzak azalean zeri ematen dion garrantzia ikusi eta, horren arabera, albiste garrantzi- tsuaren kontzeptua zeinen gauza erlatiboa den kontura-tzeko. Edozein modutan, iruditzen zait aberasgarria dela komunikabide diferenteak irakurri ahal izatea eta hori, nire kasuan behintzat, internetek ekarri dit. Egunero bizpahiru egunkari erostea garesti ateratzen delako, besteak beste. Halere, bada gauza bat batere atsegin ez dudana interneten, bat batean azaltzen diren iragarki madarikatuak: spam izenekoak. Hiztegian begiratu dut eta spam aditzak besteak beste eztanda egin esan nahi du, probokatu. Eta hori da, hain zuzen, bat batean pantallan agertzen diren iragarki hauek nigan eragiten dutena, ordenadorea itzaltzeko gogoa. Onartzen dut beharrezkoak direla, telebista eta prentsa idatzian bezala, interneten ere etekin ekonomikoak baduelako bere garrantzia. Halere, telebistan zapping egitea askoz erosoagoa da ordenadorean iragarki ditxosoa bistatik ken-tzea baino. Prentsa idatzian orri batetik bestera pasatzea askoz azkarragoa da, interneten klik egin eta anuntzioa desagerraraztea baino, batez ere badirelako zenbait segundo batzuk zure begien aurrean egon arte desagertzen ez direnak. Enfin, informazioaren munduak berea duela dagoeneko publizitatea ere. Edo, agian, publizitatea da informazioa guztiz jan duena eta, komunikabideen sostengu bihurtu denetik, iragarki agentziak dira agintzen dutenak.