DONOSTIA. DV. Ibon Sarasolak lehengo abenduan plazaratutako Zehazki gaztelania-euskara hiztegiari buruzko solasaldia egin zen atzo Donostiako Udal Liburutegian, Donostia Kulturak eta Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak antolatuta. Sarasolarekin batera, bi idazle, Anjel Lertxundi eta Juan Luis Zabala, jardun ziren. Alberdania etxeko Inazio Mujikak esan zuen hiztegiak harrera ona izan duela eta bi mila aletik gora saldu direla jadanik.
Kontestua. «Kontestuaren aldeko apustua dago obra honetan -esan zion Lertxundik Sarasolari-. Hiztegia irakurtzean, irakurlea konturatuko da hizkuntza ez dela ezer hitzez hitz. Esaldia behar da. Plazido Mujikaren hiztegian ez zen kontestualizaziorik ikusten, hemen bai. Eta hiztegi honen beste bertute bat, Ibon, pistak ematen dituzula».
Konotazioa. «Nik konotazioa bilatu izan dut lan hau egitean -jarraitu zuen Sarasolak-. Adibidez: acojonado hitza. Nik 'koskabiloak zimurturik' jarri dut, argotekoa. Elhuyarren hiztegia neutroagoa da, eta hark 'beldurtua'-edo jarriko du, pentsatzen dut».
Lokuzioak. Juan Luis Zabalak galdetu zionean Sarasolari hiztegi hau zenbateraino den lokuzio hiztegi, hau erantzun zuen hiztegigileak: «Bada. Orain borroka nagusia euskararen lokuzioak dira. Ereduzko Prosa Gaur bildumatik lokuzio asko atera ditut, eta gero Zehazki hiztegian txertatu. Koldo Izagirre, Lertxundi, Epal-tza, Elexpuru, Segurola... badira idazle batzuk benetako altxorrak plazaratu dituztenak lokuzioen aldetik. Adibide bitxi bat: Asisko Urmenetak lokuzio bilduma bat egin zuen gazteentzako. Gustatu zitzaidan. Baina handik lokuzio bat besterik ez nuen hartu: Ondarroan gizonezkoen masturbazioari 'maluta egin' esaten omen diote, eta hori hartu egin nuen. Elexpururen Bergara aldeko hiztegi hori oso lan ona da. Gomendatzen dizuet. Han, adibidez, topatu nuen 'cara de póker' nola esan daitekeen euskaraz: 'Amabirjina-aurpegia'». Eta hori entzutean, Ler-txundik txistea egin zuen: «Ez, hori adierazteko hobe da 'San Jose aurpegia' esatea». Jendea barrez hasi zen.
Lokuzio gehiago. Orduan, en-tzuleen artean zegoen Juan Garziak (itzultzailea eta EHUko Euskara Zerbitzukoa) hartu zuen hitza, eta hau esan: «Lokuzioekin ez dugu erotu behar. Hiztegi honetan bilatu behar duguna, nik uste, hizkuntzaren erdiko enborra da».
Hiztegien pedagogia. «Hiztegi asko ditugu eta, beharbada, hiztegien pedagogia bat falta zaigu. Eta nik esango nuke balore nagusia malgutasuna izan behar duela», esan zuen Anjel Lertxundik. Hori entzunda, Juan Luis Zabalak komentatu zuen ba- tzuetan aipamen luzeagoen egarriz gelditu dela hiztegia za- baltzean. Eta honela eran- tzun zion hiztegigile eta euskal-tzainak: «Bai, noski, hori litza- teke hiztegi perfektua. Baina horrela lana ez litzateke inoiz bukatuko».