ANTZUOLA. DV. Joxe Amiama psikologoak Heziketa estiloak eta familia hitzaldia eskainiko du gaur arratsaldeko sei eta erdietan eskolako aretoan. Eskolak berak antolatu du saioa neska-mutikoen aita-amentzat. Heziketaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du Amiamak, lau galdera hauen inguruan: Nolako seme-alaba nahi dugu? Zertan oinarritzen gara seme-alabak hezitzerakoan? Estilo ezberdinetako zein jokaerarekin identifikatzen gara? Zein dira estilo bakoitzaren alde onak eta txarrak? Mahai gainean jarriko ditu horiek guztiak hizlariak.
Gurasoei bidali zaien oharrak zera dio: «Familia hezitzeko dauden lau estilo bereizten dira, normalean, edo, beste modu batera esanda, seme- alabei heziketa emateko lau era daude. Denok daukagu hezitzeko modu bat, baina agian ez dugu hain garbi zergatik jokatzen dugun modu batera ala bestera. Baliteke gauzak modu batera egitea beti horrela egin izan delako, horrela egiteko esan digutelako, modu naturalena dela uste dugulako, beste modu batera ezin dela egin uste dugulako...».