Miércoles, 15 de febrero de 2006
 Webmail    Alertas   Boletines     Página de inicio
PORTADA ÚLTIMA HORA ECONOMÍA DEPORTES OCIO CLASIFICADOS SERVICIOS CENTRO COMERCIAL PORTALES

EDICIÓN IMPRESA
AlDia
Pako belea
Imprimir noticiaImprimirEnviar noticiaEnviar

Publicidad

Oraingo onetan, kontatu dizkidatenak kontatzera natorkizue, lagunok. Bai orixe. Afaritxo bat egin berria naiz, aspaldiko adiskidea dedan Fermin Muñoa bertsolariarekin. Berrobitarra bera. Fermin bertsolari bezela askok ezagutzen dezue. Bertsoak idazten ere txispa ederrekoa da eta egokia. Idazle alper samarra, ori bai. Bestela, onezkero, liburu bat baiño geiago idatziak bear zituen. Ba, nioena. Afari artan kontu politak kontatu zizkidan. Bai nik arreta aundiz entzun ere. Bearbada, orain dala berrogeita amar urteko kontuak edo pasadizoak kontatu zizkidan. Izan ere, argazkiak eta pasadizoak, zenbat eta zaarrago, orduan eta ederrago.

Fermin bera umea zala, bere jaiotetxe baserrian, Aitzen, etxekoren batek belakumea ekarri omen zuen kabiatik, lumaz jantzi berria. Baita azi ere pikaro ederra. Pako izena jarrita, deitura aren jabe bereala egin zala, alajaina. Arrapa ezak ankatik!

Belea oso txori mota argia dala zioen Fermiñek, begirada batera tonto itxurakoa dala badirudi ere. Ez omen zan etxean egon zale orietakoa. Egaldi luzeak noiznai egiten zituelarik, eta nun zan arrastorik gabe ia egun osoan sarritan egoten baziran ere, etxekoak ez omen ziran kejatzen. Bazekiten illuna baiño askoz leenagotik etxeratuko zala.

Aldizka, deitu omen zioten falta zan garaian etxe ataritik «Pako!» oiu aundia. Eta, dakizuenez, mendian egiten diran oiuei beste mendiak erantzuten die. Bi edo iru minutu pasatzerako azaltzen omen zan nundik edo andik. Eta norbaiten sorbaldan jarri. Ederra da ori, e? Zenbati gustatuko ote li-tzaiguke deitu eta gure sorbaldan txori bat jartzea!

Onako oker txiki au egiten ere bein baiño geiagotan arrapatu omen zuten: ederki zaintzen zuela, alegia, eguartean sukaldean emakumerik ez zegoen unea, eltzetik babak jateko. Anka bat eltzearen kirtenean jarrita, bestearekin tapa kendu eta lurrera bota, edo su gaiñera. Ori, Fermin ume koskorra zala bein baiño geiagotan ikusia.

Noiz edo noiz, sukaldera lasterka joanak izango ziran, eltze tapa-otsa entzunda.

-Ara! Orain ere amaiketakoa egitera etorri dek Pako.

Eta an aurkitzen omen zuten eltze-kirtenean tente-tente. On egin zezaziola.

Berari gustatzen zitzaizkion pitxiak gordetzen ere artista zala zioen Fermiñek. Badakizue leengo baserrietako oiturak nola ziran. Nik kontatu izan dizkizuet beintzat, nere lantxoetan, auzo-lanean elkarri laguntza asko egiten zitzaiola.

Berrobi aldean ere, bertako oiturak, noski. Gertueneko etxeetako emakumeak elkarren etxe-atarietan euren arropa-josteak eta konponketak egiten zituzten itxuraz, txandaka; eta beren etxe-atarian ere bai, giro ona zanean.

Kontu-kontari jardungo ziran, noski, emakumeen legean. Noizbeinka oartzen omen ziran gauzak faltatzen zitzaizkiela ere:

-Zer egin zionat, ba, nik botoi urdiñari? Oraintxe eskuetan niñan eta!

-Bai, pulamentu ederra daukan gaur.

Eta orrela.

Besteak:

-Oilloek jateko ere ez zunan ba artalea, sikiera! (Badakizue: atariko olloengatik, alegia.)

-Leengoan ere orrelaxe intzan eure jostarratzarekin. An unan gonapean. Zizta egin ez baziñan, ez unan billatuko.

Badakizue: emakumeen umorezko berriketak. Emakumeak elkarrengana bilduta isili samarrik baldin badaude, malo.

Baiña arratsalde batean sukaldean josten ari zirala, Pako belearen bisita izan omen zuten dalako jostun aiek. Gaiñera, tentatzen aritu omen ziran.

-Zer abil, Pako?

-Zer nai dek?

Eta orrela.

Baiña, konturatu ziranerako, artu titarea mokoan, eta martxa. Bai emakumeak ere atzetik, armoni batean, Pakoren ondoren etxe-atarira.

Fermin mutikoari:

-Ikusi al dek Pako nora joan dan? Tiratea eraman ziguk eta.

-Ji, ji, ji. Bai. Betiko lekura joan da: teillatuko tximiniaren ondora. Ura du bere gustoko lekua.

Emakume aien erretolika, noski:

-Ik ere parre egin bear al diguk? -mutikoari.

Orduan, konturatuak izango ziran nor zan gauzen eramalea eta nor zan pekataria.

Gero, gizonezkoren bat igo zanean teillatura, tximiniaren ondoan begiratzera edo titare billa, altxor ederra aurkitua izango zuan tximinia ondoan: titare, botoi, eraztun, belarritako, pezeta gorri, karakol txiki... auskalo nundik ekarriak. Norbaitzuk faltako zituzten.

Orra, ba, Pako belearen pitxi-denda agertu. Leenago bele maitatua bazan ere, guztiz famatua egin omen zan Berrobi aldean, pitxi-kontu ura jakin zutenean.

Onako au ere kontatu zidan Fermiñek. Baiña ez zuen ziurtatu nai izan; entzuna bakarrik zalako. An inguruko aitona bati ezpaiñetatik zigarroa kendu ziola, saskikada arbiarekin sortik etxera zijoala. Estualdi ederra pasa arazia izango zion aitona gizarajoari. Auskalo nun botako zuen zigarroa Pakok. Sapairen batera joaten bazan, etxeren bat erre zitekeela, eta aitona aren larria eta beldurra!

Baiña ez: Pakok orrelako arriskurik ez zuen sortzen. Beti, zerbait artu eta eraman. Ori omen zan bere griña.

Apaiza aserretu arazia izango zuen bolada batean Pakok. Orduko Berrobiko apaiza: don Rikardo.

Leiotik aragi-xerrak faltatzen zitzaizkiola, eta aserre don Rikardo jauna. Etxeko katuari egundoko purrustadak boteak izango zizkion. Urrengoan, berriz, txorizo-muturra falta.

-Katu madarikatua!

Gertuko bat jarri du jakiñaren gaiñean apaizak:

-Urrengo, zure baratzean eguzki epeletan lotan ikusten dezunean, jo ezazu atxurrarekin buruan; oitura txarrak artzen ari da-eta.

-Nere kontu, jauna.

Andik egun batzuetara, dalako orrek apaizari:

-Oitura txarrak bukatu zaizkio katuari.

Orduantxe lasaitu don Rikardo.

Baiña berriz ere leioko plateratik aragi-xerra falta. Apaiza bere onetik irtenda, bere baitan: «Zein ote da emengo lapurra? Dabillena eroriko dek, ba, dabillen bidean».

Urrengo goiz batean, aurreko etxeko amona, leiotik deika:

-Don Rikardo, don Rikardo! Pako beleak eraman dizu aragia leiotik. Neronek ikusi det.

Apaizak, eskua kokotsean jarrita:

-Eee! Katu gaixoa!

Urtebete inguruan izan omen ziran Pakoren abenturak. Gero, esaten den bezela: ez si eta ez no; akabatu egin zala. Berri ura zabaldu zanean, makiña batek pena artua izango zuten.

Urrengo egunetan, autobus-geltokian eta, ala omen zioen jendeak:

-Pako il dala, e?

-Zein Pako?

-Pako belea: Aitzekoa.

Don Rikardok ez zion enterrurik egingo.

Ziur nago Berrobi aldean oraindik ere asko gogoratuko dirala Pako belearekin.



Vocento
Monitor de tráfico Bidegi Canal Meteo Webcam