USURBIL. DV. Inauteriak gainean dira. Otsaila aurrera doa eta hileko azken asteburuan izango da Usurbilen jai honetaz gozatzeko aukera. Ohiturari jarraituz, Udarregi ikastolako ikasleak izango dira inauteriei hasiera emango dietenak. Oiardo kiroldegian beraien ikuskizuna aurkeztu ohi dute ostiralean kalejira egin ondoren eta aurten ere izango da horrelakorik.
Larunbatean, berriz, hilaren 25ean, inauteri eguna ospatuko da herrian. Goizean haurrentzako ekitaldiak izango dira. Tailerrak etab. egongo dira herriko pilotalekuan eta arratsaldean herriko gazte nahiz helduek mozorrotzeko aukera izango dute.
Aurreko urteetan bezala talde bat egun hau antolatzera animatu da eta dagoeneko erabaki dute zein izango den inauterietako gaia. Aurtengoan 'Marrazki bizidunak' gaiari lotutako mozorroak prestatu beharko dira, izan ere, horixe da aurtengorako aukeratu duten gaia.
Arratsaldeko azken orduetan irtengo dira kalera eta kalejira-poteoa egin ondoren sagardotegia egiteko asmoa dute mozorrotu diren guztien artean. Hala ere, afari honetara joan nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Azken urteetan ez dira asko izan mozorrotzera animatu direnak, baina ea aurten denborarekin mozorro festa hobea izaten den.